( Gurutz Agirresarobe Pagola ) Gogorrak dira azken egunotan Euskal Herrian eta nola ez Hernanin gertatzen ari diren errepresio bortitzenaren adibideak, dena Euskal Herrian eman den putxerazo politikoaren buru nagusi den Patxiren agindupean. Balorazio politikoak alde batera utziz, gertaeren balorazio objetiboa egiteko premia sentitzen dut.
Hernaniko herritarrok aspalditik sumatzen genuen errepresioaren mamua, baina azken aste hauetan beldur bat izatetik, egi izatera pasa da. Duela hiru aste herriaren Ertzaintzak, ostiralero presoen senitartekoek deitzen duten enkarteladaren aurka jo zuen, zein baino zein arroputzago azaldu ziren, hortzetaraino armaturik. Espainiatik etorritako argazkien debekua ezpata bezala hartuta eta probokatzeko intentzio osoz. Gure senideen, lagunen, bizilagunen... argazkiak bahitu eta Zinkoenea militarki okupatuz.
Hurrengo astean futbito txapelketa, bazkaria eta mus txapelketa debekatu zituzten, urtero egiten diren ekintzak, hau ere Audientzia terroristatik etorritako agindua izan da. Ba al da Europan, munduan... futbol edo mus txapelketa bat debekatu dutenaren aurrekaririk? Larunbat horretan, Hernaniko herritar ezberdinek kalea herriarena dela aldarrikatzeko Tilosetan futbito partidu bat jolasten saiatu ziren, era baketsu eta alai batean. Oraingoan ere herriaren Ertzaintzak terrorismoa erabiliz, izua zabalduz, Tilosetan elkartutako jendearen aurka jo zuen, oraingoan ere hortzetaraino arrmaturik eta harropuzkeriaz, bi pankarta errekisatu eta inongo lema politiko legitimorik aurkitu ez zutenez, pertsona bat identifikatu eta burumakur, lotsaturik, alde egin behar izan zuten. Baina ezin horrela gelditu eta azkenean erabiltzen dakiten hizkuntza bakarra erabili zuten, biolentzia, elkartutako jendea gogorki erasotuz, herritar bat atxilotu eta pertsona bat distantzia motxean botatako pelota batez kolpatuz (erresidentziara joan behar izan zuen). Eta dena bertan zeuden komunikabide terroristei argazkia emateko, dena esan behar delako, argazkia atera eta ospa.
Hau Hernanin, baina uda honetan Euskal Herri osoko txoko ezberdinetan antzeko eta gogorragoak izan diren errepresio bortitzenaren ehundaka adibide eman dira. Hau irakurketa objetiboa iruditzen zait, nik bizi izan ditudanak izan direlako. Nortzuk dira biolentoak? Non dago komunikabideen objetibotasuna? Non dago Jon? Argi eduki behar duguna eta eduki behar dutena da Euskal Herria herri borrokalaria garela eta preso politikoen askatasuna lortu arte herri honek ez duela amore emango. Ez gaituzte geldituko!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!