( Julen Lizaso Aldalur ) Bada hitz bat gizaki guztiak lotuko gintuzkena, herri ezberdinak Nazio bakarrean bilduko lituzkeena... baina gehiegi erabiltzen dugunean, behin eta berriro zapalduz, itxuraldatu egiten dugu eta bera gabe ibiltzera zigortzen gara. Abuztu bukaeran Prentsak argitaratutako artikulu batean honakoa irakurri nuen SSD- Gesto por la Paz-eko lau pertsonak sinatuta: «Euskal Herrian bakea lortzea premiazko helburua izaten jarraitzen du... bakerako bidea zaila da, bakea izatea den bezalaxe. Errealitateaz konturatzen den edonork ezin du kontrakoa pentsatu. Hala izango balitz, aspaldi lortuko genuen».
Erakutsi nahi digute –nire ustez- bakea lortzeko bidea zein den. Horrez gain, bakea bultzatu dezaketenek horren alde egingo balute konturatuz euren lorpena ez dela hain... alde bakarrekoa, uste duten bezala, (ETAren 50 urteko bizitzak hala baieztatzen du), aspaldi lortuko genuen. Bestalde, helburua irabaztea bada, ez bat, ez bi, ez ehun hitzarmenek ez dute irekiko inongo biderik... inongorik.
Hamar egun ere ez dira izango beste pertsona batek atal berdinean eta tonu gogorragoan baieztatzen zuela bakea dela bidea eta ez helmuga. Zergatik ez da iristen? Denok ikusi genuen EAJko militante batek Foro de Ermuako kide bati Bilboko auzitegiaren aurrean egindako erasoa (barrabiletan emandako belaunkada) aurrez pentsatuta, azpikeriaz eta publizitatea emanez egina. Inork ez du ikusi (ez Ertzaintzak ezta epaileak ere bideoan), 61 urteko, hiru iloben amona den Lizartzako bizilagunak autoritate/agintari bati egindako ´erasoa`. Zerk kentzen dio garrantzia lehenengo ekintzan pertsona hori kartzelara ez joateko eta zerk larritzen du ekintza bigarrenaren kasuan berau lau urtetarako kartzelara bidaltzeko? Lehenengo kasuan erasotua autoritatea dela eta bigarrenean herritar soila? edo lehenengo erasotzailea eliteko politikako militantea dela eta bigarrengoan politikoki kutsatuta daudenetakoa dela?
Benetan denok berdinak gara legearen aurrean? galdetzen du Eduardo Punsetek. Justiziaren aurrean, ekintza bera berdin baloratzen da kontuan hartu gabe zein epaitzen den eta nork epaitzen duen; baina errealitate gordinean, justizia osagarri guzti horien ondorioa da... mendeku zantzu txiki batek bakarrik zikindu egiten du itsututa utzi arte.
Agintariek errespetatu beharko lituzkete herriek erabakitzeko duten eskubidea. Hala, berdintasunean elkartzeko arrazoi nahikoak izango lituzkete, gertakari historikorik gabe, mugarik gabe; hierarkia eta banderarik gabe; bakerako puzgarririk/osagarririk onena... zalantzarik gabe.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!