( Luix Gorrotxategi ) (Gizon haundi baten atzean beti dago... tximu bat).
Nor zen identifikatu nuenean, Donostiako Biarritz kafetegian, mahai ondora inguratu nintzaion:
- Barkatu, onartuko al zenuke hernaniar batekin kafetxo bat hartzea?
- Bai noski, nola ez, gustora gainera; jarri.
Horrela hasi zen Anparo Gastón (Anparitxu, Gabriel Zelaiaren alarguna) eta bion arteko solasaldia.
Ezinbestez Hernani aipatu nion bere sentsibilitatea urratzeko beldur, ikasita bainituen gure herrian bizi izan zituen trago mingotsak (Gabrielen errautsen haizaratze gogorra, bere omenaldiaren bueltan gertatutakoak). Berehala lasaitu ninduen guztia ahaztua zegoela esanaz eta nabarmenduz, Hernaniko herriak jator adierazi zizkiola bidezko argibideak. Umoretsu eta hiztun, bera; jakinminez blai, ni; gai ezberdinez aritu ginen: adinak dakartzan ajeez, bakardadeaz, politikak zein politikoek eragindako frustrazioaz...
Azaroaren 26an Kronikan jaso nuen Anparitxuren heriotzaren berria. Oraingo honetan Kronikak ez du asmatu. Ez dut kritika lanetan hasteko inongo asmorik, baina ezin isilean utzi Kronikak albiste honi emandako tratamendua eskaxa eta okerra izan dela. Nire aldetik, harrokeriarik gabe, hain berezia izan den emakume honek merezi duen egia eta errespetoaren izenean, ekarpen umil hau eskaintzen diet Kronikako irakurleei.
- Donostian, 1946. urtean elkar ezagutu zuten Gabriel Zelaiak (1911-1991) eta Anparo Gastónek (1920-2009).
Estu korapilatu ziren, hasieratik, euren arteko amodioa, egitasmoak eta bizi-gosea.
- Bion artean sortu zuten, Donostian bertan, ‘Norte’ izeneko poesia bilduma. Argitaletxe honi esker argitaratuak izan ziren, lehen aldiz espainiar estatuan, garrantzi haundiko poeten (bai europarrak bai espainiarrak) obrak.
- Amankomunean argitaratu zituzten hiru poema liburu: ´Ciento volando´ (1953), ´Coser y cantar´ (1955) eta ´Música celestial´ (1958).
- Anparitxuren familia ‘gorria’ zen (faxismoaren garaipenaren ondoren gorriak ikusitakoa), Gabrielena berriz enpresa baten jabe. Bikotea sortu eta gero etorri ziren Gabrielen bere familiarekiko haustura eta bere obraren ‘poesia sozial’ alderako bilakaera. Kasualitate hutsa?
- 1972an argitaratu zuen Anparitxuk bere ‘A flor de labio’ poema liburua.
- 1982an amorante bikote honek senar-emazte izatea erabaki zuen eta Donostian ezkondu ziren urriaren 14an.
Espainiar diktadura militarraren garaia zen, non militarrek obispoak sasilegebiltzarkide izendatzen zituzten, non obispoek diktadorea paliopean paseatzen zuten… Garai hartan, emakume hau, 1982 arte ‘arrimatua’(hau da, pekatu bizian) bizi izan zena, 40 urtetan poetaren emazte bezala aurkeztea, iruditzen zait, gutxienez, karikatura penagarri bat.
Izango dira, agian, bizi guztirako emazte tituloaz euren kurrikulum orri hutsak harro betetzen dituzten emakumeak. Ez dut uste Anparo Gaston Etxeberriaren kasua denik.
Hernanitik agur Anparitxu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!