( Pako Sudupe ) Duela lau urte ibilbide frankista irudikatu nuen Hernanin barrena, Axalako bidegurutzetik hilerri atzean basaki fusilatuen gorpuzkinak dauden kriptara, Izpizua kaletik Ibarrolaburu plazako eraikin batera, eta handik herriaren behealdetik Sagastialdeko ´Grupo Jose Antonio`-ra. Bi alkateri gutuna egin, Udaletxean kentzeko eskaria egin, eta Marianen alkatetza aldian, azkenean ere, ikur falangista eta faxistez garbi dugu Hernani, etxe aurreak. Bazen garaia! Milesker, Marian!
Harrokeria handiz ezarri ziren; esaterako, Sagastialdeko etxeen inaugurazioa arrandiaz eta handikiro egin zen; agintari zibil, militar eta erlijiosoak etorri ziren; eta kendu berriz, isil-isilik egin dira; askok honen bitartez izango dute horren berri. Lehenbiziko paragrafoari darion pertsonalismoa zuritzen lagundu dezakeen irakaspen historikoa badu honek guztiak.
Estatuak sekulakoak eginagatik lortu dezake agintari zibil eta erlijiosoen lankidetza –lortu zuen Espainian- eta estali dezake bidegabekeriarik handiena urte luzez. Duela gutxi irakurri dugu BERRIAn 1936ko gerra ez ahazteko 6.018 zio ditugula, atzeragoardian, fronte-lerrorik ez zen lekuan, hartu piztiak balira bezala, sartu kamioietan eta errepide bazterrean tiroa jo eta lur azpira jaurtitakoak. Estali handik egun batzuetara eta zigorgabetasun osoa. 77.000 erbesteratu eta 55.000 atxilotu; kopuru izugarriak dira gure herriarentzat, eta ezin dute horrek guztiak sortutako sufrimendu ikaragarriaren zantzu den ilaunena ere eman.
Gero ohoreak errepresioan nabarmendu zirenei, eta harrokeria zibil eta militarra erlijioso ustelenen bedeinkazioarekin. Patxi Juaristi soziologoak oraindik orain ederki azaldu duenez, agintari frankistekiko beldurrak, garaileek beren ankerkeriak ezkutatu nahiak, bizi izandako sufrimendu guztia lehenbailehen ahaztu nahiak eta seme-alabei gorrotoa saihestu nahiak gertatuari buruzko belaunaldien arteko transmisioa eten zuen. Trantsizioa garaileek moldatu zutenez, ahazmena betikotu nahi izan da.
Ez dute lortu. Ikaragarri kostata azaleratzen hasita daude ankerkeria estaliak; gero eta gehiago dakigu eta egunotan eratu den Euskal Memoria Fundazioak itxaropena sortzen du. Sei mila bazkide behar dituzte. Kopuru sinbolikoa da: batere epaiketarik gabe, modu krudelenean eraildako biktima bakoitzeko oroimen zaindari bat. Iragana oroitu etorkizun librea eraikitzeko gure herriarentzat. Biak dira albiste pozgarriak: arrasto frankistak ezabatzea eta Euskal Memoriaren Fundazioaren sorrera. Jarraitu dezagun oroitzen eta eraikitzen, premia badago eta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!