«Errausgailuari bai»

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 30a, 02:00

( Iulen Lizaso Aldalur *(Erredakzioan euskeratua) ) «Inork ez du errausketaren ordezko benetako alternatibarik aurkeztu Gipuzkoan»; horixe da DV-k Carlos Ormazabal Garapen Jasangarriko diputatuari egindako elkarrizketaren titularra. Hondakinen gestio integral egokiak esan nahi du, hondakinak biltzeko sistema egoki bat izatea eta instituzioek bultzatzea, honakoa lortuko lukeena: birziklatu ezin daitekeen materialez betetako poltsak (azken errefusak) ahalik eta pisu gutxien izatea eta, batez ere, hondakin horiek materia organikoarekin ez nahastea... hor dago gakoa. Hori da eztabaidarako benetako gaia eta ez prentsan azaltzen dizkiguten beste biak: zabortegia edo errausketa; eta errausgailua bai edo ez. Eztabaida beste bide batetik bideratu behar da eta horretarako, kontuan hartu behar dira EB-27ko Ingurumen Ministro Kon­tseiluak Europako Komisioari 2010erako Liburu Berdean sartzeko egin dizkion eskaerak: 1) Biohondakinak (organikoak) prebenitzea; 2) Gaikako bilketa ezartzea kalitate handia ziurtatuko duena, ondoren birziklatu eta nekazaritzan erabiltzeko; eta 3) kalitatea ziurtatuko duen sistema izatea, neurriz kanpoko kostu edo karga administratiborik eragin gabe. Lehenengo helburua bateraezina da kontainerretako bilketan oinarritzen den sistemarekin. Izan ere birziklagarria den material asko botatzen da (%85), eta organikoarekin nahastuta egotean «ez aprobetxagarria» kalifikatzen da. Bigarren helburua lortzeko, honakoak konparatu besterik ez daukagu: bosgarren kontainerrean bildutako zaborraren pisua/h/d-a eta Usurbilgo atez ateko bilketan bildutakoarena; eta garaia iristen denean, bertatik egindako konpostaren kalitatea. Ezinezkoa da konpostaren kostu/kalitate erlazio egokia lor­tzea horrelako konpostaje sistema zentralizatu eta mekanizatuekin, honek karga administratibo eta gehiegizko diru-tasak baitakartza herritarrentzat. Europako araudiaren arabera, 2013an, zabortegiak itxiko dira; Carlos Ormazabalentzat: «Ingu­ru­me­nerako egon daitekeen konponbide atzerakoi eta jasangaitzena». Hala iruditzen bazaio, eta hemendik 2013 urtera bitartean gipuzkoarrek bertederoetan botako duten zaborraren aurrean, zergatik ez du laguntzen eta babesten soilik lau hilabetetan %78tik 15era murriztea lortzen duen bilketa alternatibo bakarra? Soilik premisa hori kontuan hartzen bada esan daiteke «bai errausketari», birziklagarriak edota konpostagarriak ez diren materien trataera alternatibo bakar moduan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!