( Andoni Tolosa Goikoetxea Hernanin Zero Zabor
taldearen izenean ) Hernaniko Udalak gaurko Osoko Bilkuran urrats garrantzizko bat eman behar du, jakin berri dugunez: herriko hondakinak bildu eta tratatzeko Atez Ateko bilketa sistema martxan jartzera doa. Hernanin Zero Zabor taldea osatzen dugun herritarrok gure poza adierazi nahi dugu Udala gai honen inguruan hartzen ari den erabakiengatik, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu sistema berria martxan jartzeko lanetan parte hartzera.
Gure taldeak izena, Hernanin Zero Zabor, munduan hondakinen inguruan dagoen mugimendu zabaletik hartu du. Ingelesezko ´Zero Waste` (´zero zabor` euskaraz) esan nahi du hondakinik onena dela sortzen ez dena; ahalik eta hondakin gutxien sortuko duten produktuak egin eta kontsumitu behar ditugula. Bigarrenik, hondakinik sortzekotan, produktuok ahalik eta gehienetan berrerabiltzeko modukoak izan behar dutela.
Hirugarrenik, gehiago berrerabili ezin direnean birtziklatzeko modukoak izan behar dutela. Zaborra, ahalik eta gutxiena.
Etxeetako hondakinak nola tratatu jakiteko, Usurbilek erakutsi digu bidea ondoko herrietako jendeei. Joan den udaberrian hasi eta berehala erakutsi dute usurbildarrek posible dela gure hondakinak orain arte baino askoz burutsuago erabiltzea: etxeetako hondakin guztien %82tik gora aprobetxatzen dituzte.
Atez Ateko sisteman familia bakoitzak bere hondakinak gaika sailkatzen ditu: batetik gai organikoak (fruta-azalak, berdurak, janari eta kafe hondarrak...), bestetik papera, bestetik plastiko eta metalezko ontziak, eta azkenik zabor-zaborrak, azken errefusak. Udalak atez ate biltzen dira hondakinak, egun bakoitzean klase batekoak, eta kontainerrik ez dago kaleetan, botilentzakoak besterik. Herritar guztien laguntza beharko da sistema berria martxan jartzeko.
Hernaniko auzo bakoitzak ditu ezaugarri ezberdinak eta denen parte hartzearekin seguru gaude bilketa sistemarik egokiena antolatu ahal izango dela. Seguru gaude hernaniarrok erantzun egokia emango dugula parte hartzeko prozesua martxan jartzen denean. Denok sortzen ditugun hondakinak denon artean konpondu behar ditugu, nor bere etxetik hasita.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!