( Bakarne Urreaga Astigarragako AEK ) Amaitu da 2008-2009 ikasturtea Astigarragako AEK euskaltegian. Eta ikasturtearekin bat, baita ikasturte honetako HITZKIDE egitasmoa ere. HITZKIDE egitasmoa euskara ikasten ari diren ikasleei euskaltegitik kanpo euskaraz aritzeko aukera ematea helburu duen ekimena da.
Dakigunez, badira euren ingurune naturalean (familia, lagunarte zein lankideekin) euskaraz mintzatzeko aukera duten ikasleak, baina baita abagune hori ez dutenak ere. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu genuen orain urte batzuk HITZKIDE egitasmoa.
Euskara ikasleak eta herritar euskaldunak elkartzeko egitasmoa da; edozein gairi buruz hizketan aritzeko, elkartu ere. Ikaslea eta herritarra beraiek adostutako maiztasunez batzen dira. Lekua edozein izan daiteke: euskaltegia, taberna, mendia, hondartza...
Euskaraz bizitzea helburu dutenentzat oso garrantzitsua izan ohi da ekimen honetan parte hartzea, euskaraz hitz egiteko lotsa galtzeaz gain, eguneroko gaiei buruz euskaraz aritzeko ohitura hartzen baitute. Halaber, euren ikas-prozesuan ere eragin oso positiboa du. Hainbat urtetako esperientzia lagun, aurtengoan zortzi ikasle eta beste hainbeste herritarrek hartu duzue parte. Egitasmo arrakastatsua beraz, beste ikasturte batez ere, eta positiboa da parte hartzaileek egin eta helarazi diguzuen balorazioa ere.
Beraz, Astigarragako AEKtik eskerrak eman nahi dizkizuegu. Datorren ikasturtean ere elkarren berri izango dugulakoan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!