( Pili Lujanbio, Ina Idarreta,
Ana Aranburu, Malores Etxeberria eta beste hainbat herritar. ) Hernanin 8 gazte atxilotu zituzten martxoan, eta beste bi hamabost egun beranduago aurkeztu ziren Auzitegi Nazionalean beren kabuz. Egunotan oraindik gazte horietako 7k kartzelan jarraitzen dute.
Horrelako gehiago ere izan ditugu herrian eta herriko gazte asko daukagu kartzelan.
Idatzi hau idatzi dugunon helburua ez da inolako azterketa orokorrik egitea ez hainbeste herritarrek pairatzen duten errepresioaz edo borroka armatuaz edo Euskal Herriak bizi duen gatazka bortitzaz.
Martxoan gazte horiekin gertatu denak era berezian astindu gaitu herritar batzuk.
Hasteko, gertatu denarekin tristura, pena eta haserrea sentitu ditugula esan nahi dugu. Tristura, pena eta haserrea, ikusi dugulako zein tratu txarra eman dien poliziak gazte horiei atxilotzerakoan eta komisaldegiko egunetan, inkomunikazioaren pean, Lege Antiterrorista ezarrita, indefentsioan. Gauza bera esan behar dugu haien gurasoei buruz, komisaldegiko egunetako angustiaz gain orain dispertsioa dela medio pasatu behar duten gurutzebideagatik.
Beste aldetik, martxoko gertakizunek herritar guztioi zer pentsatua eman behar digutela uste dugu.
Gazte nortasundunak, kritikoak, herrian eta inguruan bizi ditugun gertakizunez kezkatu eta interesatzen diren gazteak nahi ditugu, solidarioak, parte hartzaileak, osasuntsuak, euskaldunak... Horretan sinesten dugunok saiatzen gara gazteei balore horiek transmititzen, balore horiek oinarri hartuta bideratzen beraien heziketa, eta, azken urteotako gizarte ereduak askorik laguntzen ez badigu ere, harro gaude transmisio horretaz.
Baina gazte hauetako batzuek kartzela dute zain adin nagusira iritsi orduko. Hori da urtetik urtera behin eta berriro errepikatzen ari den errealitatea. Egia da bizi dugun sistema bidegabeak ez duela maite bere gizarte ereduarekiko kritikoa den jendea, bere martxa oztopatuko duena, kontraesanak sortuko dizkiona. Gazte konprometituak kriminalizatzen dituen sistemaren gehiegikeriak salatu behar ditugu, mugimendu politiko eta gizarte mailako batzuk bezala gazteen mugimendu bat ere legez kanpo egotea, eta ahalegindu behar dugu hori aldatu dadin.
Baina aldi berean, Hernaniko herritarren artean gogoeta serioa egin beharra daukagu gazteen arteko odolustutze hau, herriko hainbeste gazte, adin txikiko garaietatik hasita, kriminalizazioaren zigorrera daraman dinamika hau gelditu dadin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!