Kaka zaharra

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 15a, 22:45

( Jone Egaña Sarobe ) Atzera egingo bagenu urte batzuk, argi eta garbi adierazi beharko genuke azken urte hauetan Hernaniko kaxkoak izan dituen hobekuntzak, hori nabaria da, besteak beste, hor ditugu: pabimentazio berria, Zinko-Eneako aldaketa... hobekuntza horiek hernaniar guztiak gozatzen ditugu, baita kanpotik etortzen direnek ere. Baina alaitasun biribilik ez dagoenez eta hobekuntzak sekulan amaitu behar ez dutenez, badira kaxkokideen artean hainbat kezka ( une honetan haserrera ere iritsi dela esango nuke ). Hasteko, Henaniko Udalak bando baten bidez etxera ailegarazi digunaren ingurukoari buruz hitz egin nahiko nuke. Sarrera kontrol sistema arautzen duen ordenantza, alegia. Horretan garaje jabeen inguruan, dendak dituztenen inguruan, hitz egiten du, baina ez du inongo aipamenik egiten etxe jabeen inguruan, bitxia ezta? Horren arabera, garajeak dituztenak eta dendak dituztenak bertan bizi garenak baino eskubide gehiago dituzte. Hau da marka, hau! Baten batek esango dit udaltzaingoari eskatuta badudala aukera, mila esker, baina eskubide berdinak guztiontzat. Gainera, ez dakit nongo herriko udaltzainekin hitz egin duten horrela garatzeko ordenantza. Hori ere bitxia da, kontutan harturik azkenaldi honetan oso modan jarri dela herritarren parte hartzea (Europako diru laguntzak jasotzeko) herri guztietan. Jakin nahiko nuke zer ulertzen den parte hartzeari buruz, baldin eta Kaxkoko elkartekoek adierazten badute `ninguneoa` itzela dela. Kaxko elkarteari kasu egiteko unea iritsi dela uste dut. Dena den, beste kontutxo batez ere hitz egin nahiko nuke. Txakurren kakak edo jabeen txakurren kakak. Inpresioa daukat zenbat eta txukunago egon kaxkoa orduan eta kaka gehiago dagoela kalean, edo kaka berak aste osoan irauten duela. Txakurrek kaka eginez gero, jabeek jaso behar dituzte, eta azkenik, hala egiten ez badu, ongi egingo litzateke zer edo zer adieraztea inguruan dagoen pertsonak, ea auzo lotsa behintzat sentitzen duen. Azkenik, aurreko guztiak ematen ez badira, udal zerbitzuek garbitu beharko dituzte kaka horiek, ala ez? Espero dezagun Kaxko elkarteari jaramon handiagoa egitea hemendik aurrera !!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!