( Ainhoa Loinaz Lafourcade
) Gutun hau Hernaniko herritarrentzat, eta batez ere butano kontsumitzaileentzat da. Ostu egiten gaituztela esan nahi dizuet. Gaur egun, butano bonbona batek 10,47 euro balio ditu, eta guri 11,00 euro kobratzen dizkigute. Zergatik? Banatzaileak benetako prezioari propina gehitzen diolako. Ni 14,10 euro ordaintzera iritsi izan naiz, 13,50 euro balio zituen bonbona batengatik; gainera, esango nuke ez naizela hau gertatu zaion bakarra.
Gauzak horrela, Urquijo enpresan gure zonaldeaz arduratzen direnekin hitz egitea erabaki nuen. Azken hiru urteetan bonbonen prezioekin gertatzen ari zenaren berri eman nien, eta adierazi nien hiru urte hauetan gauza beraz kexatu izan naizela. Ez zidaten kasurik egin, eta azkenean publiko egitea erabaki dut.
Enpresak erantzuna telefono bidez eman zidan, eta beraien hitzak hauek izan ziren «hau onartezina da eta hartu beharreko neurriak hartuko ditugu...». Baina esan ohi den moduan, hitzak haizeak eramaten ditu, berdin kobratzen jarraitzen baitute. Banatzaile jaunak bere lanpostuan jarraitzen du, nahi duena kobratuz eta honelako erantzunak emanez: «zuek arrazista hutsak zarete, ez naiz pisua eramateaz arduratzen den mandoa, ez ditut zertan igo behar bonbonak ateraino...». Nik esango nioke berak aukeratutako lana dela. Lan zaharra dela eta oso gogorra, baina beti zintzotasunez egindako lana izan dela. Betidanik borondatezko propinekin saritua izan dela, eta ez behartutakoekin; eta bonbona etxeraino igotzea bere laneko obligazioa dela (azken hau butano enpresak esana). Uste dut bakoitzak, bere lanarekin, ahalik eta arduratsuen izaten saiatu behar duela. Lapurrak lapurrak dira, hemen eta leku guztietan, euskaldunak izan edo ez izan. Guztiok egiten ditugu esfortzuak gure lanean, eta onartezina da norbaitek lapurreta egitea.
Honen ardura duen enpresari berriz, esango nioke «onartezina» dela guzti hau jakinda ezer ez egitea, eta baita ere, onartezina dela pertsona honen inguruan erabakirik hartu ez izana. Are gehiago, onartezina iruditzen zait baita ere, niri arrazista deitzea. Hemen arrazista bakarra bera da, hartu duen herriaren zintzotasunaz aprobetxatzen jarraitzen duena bera da.
Nola botatzen ditugun faltan Ismael eta Julio, gure betiko banatzaileak...
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!