( Xabier Ibartzabal Esnaola ) Berriki jakin dugu Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak Karbonerako etxea okupatzeagatik salatuta zeuden lau hernaniarrak auziperatzea erabaki duela. Sala-ketak 2006ko uztailean udaltzainek egindako identifikazioetan oinarritu dira. Entzutegiko 2. Sailak atzera bota ditu akusatuen defentsek auzia bertan behera utzi eta artxibatzea eskatzeko jarritako helegiteak. Horrez gain instrukzio fasea amaitzea eta prozedura laburtuari bide ematea erabaki da. Fase horretan egin den diligentzia bakarra inputaturiko hiruri deklarazioa hartzea izan da (laugarrenaren deklaraziorik ez dago), baina lauei egotzi zaie usurpazio delitua egin izana. Batek bakarrik onartu du etxe horretan bizi izan dela, beste biek ez direla inoiz Karboneran bizi izan deklaratu dute. Orain akusazioen eskaerak egiteko txanda da. Legeak 3 eta 6 hilabete bitarteko isun-zigorra aurreikusten du jabearen baimenik gabe hutsik dagoen etxe batean sartu edota bizitzen jartzen denarentzat.
Jende asko bizi izan da azken hiru urteetan Karboneran, jende askori eman dio babes Karbonerak eta jende askok eman dio babes Karbonerari. Emanaldi asko eskaini dira bertan, jendearentzat programatutako saio ezberdinetan. Horra hor Karbonerakoen harrotasunerako xede xumea. Ongi etorriak izan ez direnak poliziak izan dira; horiek bai Karboneran indarrez sartu diren usurpatzaile bakarrak!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!