( Andoni Amonarraiz,
EAJ-PNVko bozeramailea ) Berriro ere oposizioko alderdiok hedabideen bidez jakin dugu, dekretuz, Alkateak Villa Ave Maria parkerako lehiaketa deialdia zabaldu duela. Saritan 12.000 euro gastatuko da. Alkateak, Zerbitzu Publiko eta Hirigintza batzordeak kontuan hartu gabe, bertan proposamenak, asmoak, oinarriak, sariak eta abar. azaldu beharrean, bere partehartze jarrera berezia eta begirunea erakutsi digu.
Proiektu irabazlea aurrera eramateko dirua nondik aterako duen azaldu beharko luke, eta krisialdi garai honetan parke hori baino proiektu garrantzitsuagoak bertan behera geldituko direla ere aitortu beharko luke.
Jakin nahi genuke, bestalde, beste alderdiren batek babesten duen proiektu hori, ala asmo liluragarri hau Gobernu Taldearena edo aholkulariena den.
Aho betez parte hartzearen alde azaltzen den Gobernu Talde honi azaldu beharko diogu, gauzak ez direla dekretuz egiten eta hori ez dela biderik egokiena hernaniarrontzat.
Udal logotipoarekin egin zuten bezala ari dira oraingoan ere: inor kontuan hartu gabe, erabaki eta aurrera. Hau da hau partizipazioa!. Oraingoan ez dute errespeturik izan lehendik parke horretarako zegoen aurreproiektuarekin, Biterin aurkeztu zena eta hernaniar askoren ekarpena jaso zuena. Lehengo aurreproiektu horretan, Hernaniko Berdegunea, lau parke aztertzen ziren eta orduko egoera azaldu, egin beharreko aldaketak, aurrekontua eta zenbat urtetan burutuko ziren aurreikusten zen.
Ave Mariarekin, hain zuzen, ingeles-parkea egiteko asmoa zegoen, bere bideak harriz eta berdez margotuak. Bide hauen oinarriak 2006-2007an egin ziren, baina legealdi honetan ez dira bukatu oraindik. Basoa ere landu beharra zegoen eta mahaiak eta bidegorriak jartzeko asmoak onartu ziren.
Hau guztia dela eta, argi eta garbi azaldu nahi dugu, Villa Ave Maria parkerako lehendik onartutako proiektua badagoela eta denon dirua ez dezagula harrika bota proiektu berri batekin, eta are gutxiago hernaniarron eta alderdion iritzia kontuan hartu gabe.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!