SAHARAREN aldeko 2garren Euskal Karabana martxan da, Saharar Herriaren
Lagunen Euskal Elkarteen Koordinakundeak antolatuta, Piztu Itxaropena lelopean.
Otsailean aterako da karabana Euskal Herritik eta ordu arte janaria eta
materiala biltzen arituko dira, baita Hernanin ere. Aurten atuna oliotan,
azukrea eta konpresak dira batez ere eskatu dituzten materialak, Argeleko Tinduf-eko
saharar errefuxiatuen kanpamendura eramateko.
Ostegunetik ari dira biltzen Hernanin
Hernanin ostegunean eman zitzaion hasiera bilketari eta momentuz nahi duen
guztiak materiala eraman dezake Biterira, bertan arituko baitira kanpaina hau
bultzatzen duten hainbat kide bilketa lanak egiten.
Urtarrilean berriz bilketa beste zenbait lekuetara zabalduko da, horrela,
Hernaniko hainbat supermerkatu eta denden kanpoaldean eduki ontziak jarriko
dituzte. Hala ere urtarrileko bilketa antolatu eta zehazteko bilera izango da
astelehen honetan, arratsaldeko 19:30etan Biterin, eta arduradunek azaldu
dutenez kanpaina honetan lagundu nahi duten guztiak daude gonbidatuta bilera
horretara. Bilketa lanak urtarrilaren 22an amaituko dira, 2garren Karabana hasi
baino egun batzuk lehenago.
Janaria eta materiala emateaz gain, diruz ere laguntza ematerik badago,
horretarako kontu zenbaki bat ireki dute: 3035 0080 94 080005477.
2garren Karabana
Karabana otsailean abiatuko da Tinduf kanpamendura, jasotako materiala
klasifikatu ostean. Horretarako Alakanteko portura garraiatuko dute guztia
Udaletxeek eta erakunde publiko zein pribatuek emandako laguntzei esker
erositako kamioiekin. Kamioi hauek Saharako Media Luna Rojaren parke mobila
osatuko dute, lurralde hartan materiala banatu ahal izateko.
Tindufen 250.000 saharar daude
errefuxiatuta 1975etik |