Zorionak eta animo!

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 24a, 02:00

( Izaskun Txintxurreta Ibabe HUKPko lehendakaria ) Hernaniko errugbilariek ezin izan dute ametsa errealitate bihurtu. Asteburu luzea eta neketsua izan da jokalari, entrenatzaile eta zaleentzat. Ohorezko B Mailatik Ohorezko A Mailara salto egiteko aukeraren bila joan zen Goreneko taldea Cadizera. Jubenilak aldiz, Valentziara joan ziren Estatuko Txapelketako partiduak jokatzera. Cadizerako bidaia luzea izan da; partidua berriz, gogorra. Emaitzak ez du ahalbidetuko taldea, Ohorezko B Mailatik Ohorezko A Mailara igotzea, baina, urte guztiko lanaren islada izan da, hori behintzat ez dago ukatzerik. Landareko zelaietan, eguna joan eta eguna etorri maila desberdinetako gazte zein helduak ikusi daitezke entrenatzen. Eredugarria da taldeak batez ere gazteekin egiten duen lana; gazte hauek izango dira etorkizuneko maila gorenetan jokatzeko aukera izango dutenak. Batzuk zein besteek emaitza ezinhobeak lortu dituzte markagailuetan, baina bereziki gazteak kirol honetara erakarriz, beraiekin lanean erakusten duten dedikazio, lanerako prestutasun eta beste makina bat ezaugarri tarteko. Horregatik guztiagatik, baina bereziki bigarrengoagatik, Hernaniko Udalak jokalari, entrenatzaile eta orokorrean errugbiaren alde lanean ari diren guztiak ZORIONDU nahi ditu; batzuk zein besteak, modu batean zein bestean egiten duten lanagatik. Eta bide batez lan horretan sakontzen jarrai dezaten animatu nahi ditugu, badakigun arren askotan oztopoak handiak izaten direla. Horien gainetik urte luzetan egin duten moduan aurrera egitera animatu nahi ditugu eta Udaletik elkarlanerako ateak beti irekiak izango dituztela gogoratu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!