( Jesús Uzkudun Illarramendi
CCOO Euskadiko Lan Osasuneko Idazkaria ) Aste batzuk badira zerbitzu enpresa batetako ordezkari sindikal bat bere lantokian suertatutako egoera baten berri galdezka etorri zitzaidala. Prebentzio Zerbitzuak urtero egiten duen osasunaren zaintza horri sinadura bidez uko egiteko presioa jasan behar izan zuten bertako langileek. Beste enpresa askotan bezala horren helburua argia da hemen ere. Enpresa honek, prebentzioak eragiten dituen gastuak ekidin nahi ditu eta horretarako, erabateko prebentzioa egin beharrean istripuen arriskua murriztera mugatzen dira langileek osasunean izan ditzaketen gainontzeko galerak alde batera utzita.
Enpresa batzuk ezkutatzen saiatu badira ere, azken urte hauetan laneko ezbehar kopurua jaitsi egin da guztion ahaleginari esker. Gaur egun enpresetan egiten ez den erabateko prebentzio hori da lan gaixotasunak eta bestelako gaitzak galarazten dituena. Erabateko prebentziorik gabe gaitz horien kausak lantokian dirau, eta gaitz horiek dira prebentzioak berak baino kostu eta sufrimendu gehiago sortarazten dituztenak.
Datuei begiratu besterik ez dago. Mutuen mende dauden Besteren Prebentzio-Zerbitzuen egoera ekonomikoari begiratuz gero %70a baino gehiago egoera txarrean dagoela ikus daiteke. Ez
da kasualitatea. Gauzak gaizki egin dituzte eta datuak horren ondorio dira, txostenak betetzera mugatu da prebentzio lana orain arte eta prezio merke eta mantengaitzekin. Beraz, enpresaburuek zailtasun ekonomiko garaian hau da ekiditen duten lehen gastua.
Bestetik, CEOEk, euskal patronala barne, geroz eta indar gehiagorekin, laneko absentismoaren kontrol gehiago eskatzen die Mutuei. Hau guztia, krisiaren ondorioen beldurra dela eta ezintasun iragankor eta ohiko gaixotasunagatiko bajen egun kopurua jaitsi denean ari da gertatzen. Langileak estutzen dituzte enpresei Zapateroren Gobernuak, aipatu, kudeaketa Mutuen bitartez gauzatzen badute %3aren pizgarria ematen zaienean.
Hau da laneko gaixotasunak izkutatzearen ondorio larria, prebentzioa ahaztu egiten da, laneko minbizien kasuan esaterako, erabat baztertzen da. Ondorioz, Gobernu zentralak laneko gaitz edo istripuen kotizazioak murrizten ditu, bideratua dagoen diru - fondoak erabiltzen ez direlako. Laneko istripuek baino askoz ere koste haundiagoa duten gaixotasun hauen gastua kanpora botatzen da eta gizarteak ordaindu behar izaten du ohiko gaixotasuntzat hartzen direlako. Osakidetzako kudeatzaileek ez diote garrantzia haundirik ematen iruzur honi.
Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna iristear dugula, milaka herritarrei eta enpresa batzuei eragiten dien krisi ekonomikoa egonda ere, prebentzioa errentagarria dela gogorarazi nahi dugu. Horregatik, osasunaren zaintza espezifikoa barneratzen duen prebentzioaren kalitatea indartzea, gaur inoiz baino beharrezkoagoa dugu.
Eragile sindikalen akordioak eta inplikazioa ezinbesteko dira gai honi konponbidea emateko. 2008 urtean, estatuan erregistratutako lan gaixotasunen %14,8a EAEn azaldu zen, Euskadi laneko minbiziaren zerrendako lehen postuetan kokatzen da 11 gaixorekin. Oraindik egiteke dagoen lanaren erakusle.
CCOOn borrokan jarraituko dugu, indartsuago eta ozenago ahal bada, ezkutuan dauden gaixotasun hauek plazaratu eta prebentzioaren kalitatea hobetzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!