Usurbildarren lezioa ikasi dezagun hernaniarrok

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 30a, 01:26

( Joxeba Iurramendi Ongarri taldearen izenean ) Konpostaren aldeko Ongarri taldean biltzen garenok oso pozik gaude ikusita Usurbilen hondakinentzako antolatu duten Atez Ateko Sistema martxan dagoela, eta oso ondo ari dela funtzionatzen. Eta are poz handiagoa daukagu Hernaniko Udal Gobernuak jakinarazi duelako hemen ere hondakinak kudeatzeko sistema bera jarri behar duela. Hala adierazi zuten Topagune Berdean eta hala zabaldu zuen Kronikak. Herritar guztien laguntza beharko da horretarako eta seguru gaude hernaniarrok erantzun egokia emango dugula parte hartzeko prozesua martxan jartzen denean. Atez Ateko Sisteman familia bakoitzak bere hondakinak gaika sailkatzen ditu: batetik organikoak (fruta azalak, berdurak, janari eta kafe hondarrak...), bestetik papera, bestetik plastiko eta metalezko ontzieak, eta azkenik zaborrak. Udalak atez ate biltzen ditu hondakinak, egun bakoitzean klase batekoa, eta kontainerrik ez dago kaleetan, botilentzako besterik. Usurbilgo sistemak badu atal bat gure ustez oso inportantea dena: autokonposta. 6.000 biztanleko heri horretan dagoenezkoz 400dik gora dira hondakin organikoak etxean konpostatzen dituztenak, eta laster 500 izango omen dira. Familia horietako hondakin organikoak ez ditu Udalak biltzen eta asko errezten da bai bilketa eta bai tratamendua. Eta Udalak diru asko aurrezten du. Hernanin 200 inguru konpostagailu egongo dira gaur egun instalatuta, baina askoz etxe gehiagotan jartzea posible da: baratza edo jardina daukaten guztiek jarri dezakete, baina blokeetan bizi diren familiek ere instalazioa egin lezakete inguruan jardina edukiz gero, beren artean ados jarri eta Udalarekin hitzeginda. Pentsa ezazue zenbat hondakin organiko bihurtu dezakegun konpost gure inguruan, modu errez eta merkean. Hernaniko Udalari eskatzen diogu herritarren artean autokonposta ugaritzeko ahalegin berezia egin dezala. Gainerakoan, hernaniar guztiei dei egiten diegu Topagune Berdean eta Atez Ateko Bilketa antolatzeko prozesuan parte hartzera. Denok sortzen ditugun hondakinak denon artean konpondu behar ditugu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!