( Javier Barbarin,
Nahia Eguskizaga,
Lurdes Gorrotxategi, Bixintxo Zabala,
Juan Manuel Otermin (Irrigoeneako bizilagunak eta Xalaparta soziedadeko
presidentea) )
12 urteko prozesu luze eta korapilatsu baten ondoren, udaletxeak Arau Subsidiarioen berrikuspenaren lehen onarpena egin du, datozen 8-10 urteetako Hernaniren diseinu bat onartuz. Zorionak. Zorionak baita ere arauen berrikuspen honen bidez aurreko arauen hainbat gauza –gehiegizko etxebizitza kopurua esate baterako– nolabait konpontzeagatik.
Arau hauen gauza asko gustatu zaizkigu, beste batzuk ez ordea, eta ez dugu hori ukatuko. Duela mende batzuetako Hernani oraingoarekin elkarbizitzen ikusi dugu eta datozen urteetako Hernanik hala egiten jarraitzea nahi dugu, gure birramona eta aitonen ondarea, gure izatearen parte garrantzitsu eta ezinbestekoa delako, gure sustraiak direlako. Udalak etorkizuneko beharrak eta gure sustraiak uztartzen saiatzeko borondatea zeukala uste genuen. Baina arauetan, hernaniarron historiaren parte diren hainbat etxe (Irrigoenea, Pagola, Buxkando, Alkatearen etxea…) herriaren etorkizunean integratu beharrean, bota nahi direla ikusi dugu.
Horregatik, eta arau urbanistikoen berrikuspena aberastu asmoz, gure iritzia eman nahi dugu, eta herritarrei bere iritzia galdetu… Hori da Irrigoeneako kideei sinadura bilketa egitera bultzatu gaituen arrazoietariko bat. Irrigoenea, Leokan egingo den plazan integratua geratzea nahi duenak, herriko zenbait taberna, komertzio eta soziedadeetan du sinatu, eta bere iritzia adierazteko aukera. Horrez gain, Xalaparta soziedadeak, bere ateak irekiko ditu gaur eta bihar (irailak 22 eta 23) arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Izan ere, Udalak, Irrigoenea botatzeko aurkeztutako arrazoietariko bat, hau botata zubiaren arku bat gehiago berreskuratuko litzakeela da. Guk ordea, badakigu ez dagoela beste arkurik, gordeleku ´antiaereoa` izan zen tunela baizik. Bere kabuz ikusi nahi duenak, horretarako aukera izango du egunotan. Etorri eta ikusi!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!