Gertu dugu udaberria!

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 5a, 21:42

( Mikel Arrieta Iraola ) Igandean ehun mila lorek apaindu zuten Euskal Herriko zati bat. Zementuz estalitako inguru hauetan ondo sustraitutako ehun mila lorek han eta hemen zirrikituak ireki zituzten gure begien gozamenerako, eta denon arnasa biziberritzeko. Baina askok beharbada uzta oparoagoa espero zuten, eta neurri batean arrazoia dute, herri honen askatasunaren zelaietan askoz lore gehiago ditugulako. Denok ezagutzen ditugu lagunak, senide, lankide eta bizilagunak egunero egunero bere lan xumearekin Euskal Herriaren etorkizuna bermatzen ari direnak. Gurekin daude presoen aldeko mobilizazioetan, ama lurraren defentsan, euskara eta euskal kulturaren lanketan, langileriaren eskubideen alde, parekidetasun eta berdintasunaren aldeko borrokan, eta beste hainbat eta hainbat lanetan. Gurekin daude egunerokotasunean, baina igandean etxean geratu ziren: giro epelago eta goxoago baten zain akaso. Lurra ondo landu gabe dugulako agian, gure inguruko lorategia mimo, pazientzia eta goxotasun gehiagoarekin zaindu behar dugulako seguruen. Eta ulertzen ditut, nola ez bada! Neronek ere zirko eta fartsa honetan parte hartzeari uko egitea tentatuta izan naizenean! Horregatik uste dut herri hau igandekoa baino paisai ederrago eta aberatsagoa eskaintzeko gai dela. Horretan asmatu behar dugu. Lorezain jakintsuen moduan gure inguruko lore guztiak maitekiro eta abegikor landu behar ditugu; batzuk indartsuak dira, baina besteei, gehienei, ongarri bereziagoa eskaini behar diegu. Hitz egin eta kasu egin behar zaie, kontu handiekin kimatu, adar berriak txertatu, lorategia garatzeko modu berriak probatu. Eta nola ez! uste dut ere hor, halabeharrez , txinoetan erositako plastikozko lore itsusiekin konformatzen diren horietako askok ere, naturarekin gozatzeko desiatzen daudela. Baina ezin da eskatu denei txingorra eta izoztaldiak ehusteko gai izatea. Garaia dugu, gure esku dagoen heinean behintzat, ostarte bat edo bestea zabaltzen hasteko. Igandetik hurbilago somatzen da udaberria, ehun mila arrazoi daude horretarako, zorionak denei!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!