Jai egun arrotzei intsumisioa!

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 10a, 22:15

( Miren Zubillaga, Ikasle Abertzaleak-en izenean ) Euskal Herrian zergatik ospatu behar ditugu jai egun arrotzak? Euskal ikasleok ere gure ikastetxe eta fakultateetan pairatzen ditugu inposaketa horiek, curriculum arrotzen menpe baikaude. Hala nola, hor ditugu espainiarrek ospatzen dituzten urriaren 12ko hispanitatearen eguna eta abenduaren 6ko konstituzio espainiarraren eguna. Hauek Hego Euskal Herrian eragiten duten bezala, Ipar Euskal Herrian ere nozitzen dituzte frantziarren jai egun inposaketak. Horien artean, azaroaren 11ko I. Mundu Gerran Frantziaren alde eroritakoak omentzeko eguna, maiatzaren 8ko II. Mundu Gerran Frantziaren alde eroritakoak omentzeko eguna eta uztailaren 14ko frantziar errepublikaren eguna. Jai egun hauek inposatuak dira, kultura espainola eta frantsesa inposatuak zaizkigun neurri berean. Euskal ikasleontzat iraingarria da jai egun arrotz hauetan ospatzen dena. Beraz, inposaketa horiek onartzen ez ditugun heinean, EUSKAL EGUTEGIA aldarrikatzen dugu. Horregatik, Hernani Institutuan, hurrengo urteko egutegia zehazteko unean, jai egun arrotz horien ezabapenaren alde borrokatuko dugu, ekimen batzuk antolatuz. Besteak beste, erreferenduma egingo dugu gure proposamenak babesa jaso dezan. Bertan, gure eskolako egutegian JAI EGUN ARROTZIK EZ dugula nahi adierazi behar dugu. Datozen urteetan, jai egun arrotzetan institutua ofizialki irekitzea gure esku dago, ikasleon esku. Beraz, antolatu diren ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu ikasleak. Bozkatu euskal egutegia! Ikasleon borrokaz lortuko dugu!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!