( Xabi Ibarzabal Esnaola (Karbonera etxeko
bizilagunen eta guneko
kideen izenean). ) Pozik gaude Karboneran. Ez urte oso bat borobildu dugulako, epe horretan gure hasierako asmoak bete ahal izan ditugulako baizik. Asmo horiek ziren, besteak beste: 1) etxebizitzarik ez dutenentzako bizitzeko lekua egokitzea; 2) gizartearentzako gune sozial bat (beheko solairua) prestatzea eta martxan jartzea; eta, 3) gure horretan, herritarrei zuzendutako emanaldi kulturalak antolatzea eta bertan eskaintzea.
Goiko solairuak eta behekoa modu autonomoan kudeatzen dira, bakoitza bere aldetik, baina biak era kolektiboan eta elkar komunikatuta. Urtebete honetan, bizilekurik ez duten 12 pertsona bizi izan dira Karboneran. Eta beste hainbeste lagun gabiltza beheko solairua erabiltzen bertan antolatzen ditugun emankizunekin programazioa aurrera ateratzeko.
Pozik gaude Karboneran. Ez bidean oztoporik izan ez dugulako, baizik eta oztopoek ez digutelako gogoa kendu (kentzea lortu) egin nahi genuena egiteko. Baina ezin dugu ahaztu 2006ko uztailaren 17an jasan behar izan genuen udal poliziaren erasoa, udaltzain talde bat, poliziburu berriaren aginduetara, etxeko leiho batetik sartu zitzaigunean etxean zeuden lagun guztiak identifikatzera. Eraso haren arduradun politikoek (abertzale bakezale eta progresistak) isiltasun administratiboarekin erantzun zioten hurrengo egunean kaleratu genuen salaketari.
Pozik gaude Karboneran, hala ere. Erantzun ezari erantzuteak zentzu handirik ez duenez, gure asmo xumeekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Emanaldiak antolatzen hasi ginen orduan. Argazki eta dokumentalen proiekzioak, poesia liburuen aurkezpenak, testu irakurketak, pelikulak... Guztira 40 emanaldi baino gehiago eskaini ditugu Karboneragunearen zortzi hilabeteko epean. Azpimarratzekoa iruditzen zaigu, iazko azaroaren amaieran, 1936ko gerraren 70. urteurrenean errepresio frankistari buruz Sandiusterrin eskaini genuen dokumental-zikloa, hil honetan bertan jarraipena izango duena.
Aurtengo berri txarra jabearen erabakiak ekarri duen mehatxu judiziala izan da. Baina gu funtziorik ez zuen espazio baten erabilpen zilegia egiten ari gara. Horregatik, pozik gaude Karboneran.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!