Kontrakantxa gaztetxea dela eta udalari

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 16a, 10:35

( Iker Blas Mendoza, Gazte Asanbladako ordezkari ohia. ) Kontrakantxa gaztetxea sortu aurretik udalak ez zuen gazteekin (18 urte gorakoez ari gara) inolako parte-hartze espaziorik sortu beraiek gidatutako politiketan: ez gaituzte inoiz entzun, ez gaituzte inoiz gure iritzia plazaratzera gonbidatu, ez gaituzte inoiz elkarrekin politikak eraikitzera animatu… Honen aurrean, bat-bateko parte-hartzea bultzatu dute gazteek maiz. Udalak ez ikusiarena egin du eta urteetan gazteriaren parte batek bere beharrak behin eta berriz aldarrikatu dituen arren, politikoek ez dute gazteekin elkar-ulertzea bultzatuko lukeen politikarik abian jarri. Eusko Jaurlaritzatik sustatzen den Gazte Planen estrategia eztabaidagarria den arren, gaiarekiko nolabaiteko ardura azaltzen du gutxienez. Aldiz, Hernaniko udal gobernuak ez du Gazte Plan bat eraiki (herri askotan egin dira, gurean ez). Esanguratsua oso politikari jaunak. Zuen ahotan eta programetan dago parte-hartzea. Ekintzetan aldiz ez. Antza, Hernaniko udal gobernua ez da gai Eusko Jaurlaritzak bultzatutako estrategia apala bere egiteko. Berriz, Hernaniko gazteriaren parte batek, herritar parte-hartzearen aldarrikapen garbia, irekia eta ez dogmatikoa egin du kontrakantxaren okupazio ekintzarekin. Hasieratik gu izan gara udalera hurbildu garenak elkarrizketa bila. Gure ikuspegia nahi genuen azaldu, gobernukideen esatekoak nahi genituen entzun; ezagutuak nahi genuen izan aktore sozial moduan, eta ahal izatekotan adostu nahi genituen zenbait gauza. Proposamena argia izan zen eta izaten jarraitzen du: udala eta gazteen artean prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea Udal Jangela zaharrean zer egin erabakitzeko. Baina ez, udalak nahiago du inposatu adostu baino. Garbi uzten du hori beraien gutunak: ´Gogorarazten diegu ez dutela baimenik. Beraz, publikoki eskatzen duten elkar ulertzea zaila izango da`. Hori da hori borondatea. Gazte Asanbladako ordezkaria izan nintzen bitartean haien atzetik ibili nintzen eta bildu ere egin nintzen beraiekin. Hori bai, bueltan ez nuen behin ere udaleko inorren deirik jaso. Eta bat-batean larunbatean ordezkari baten falta plazaratzen dute (kontzertua ospatzeko ordu batzuk falta zirela). Seriotasun pixka bat mesedez. Gutun hau sinatzen duenak ordezkari izateari utzi zion atzerrian dagoelako praktika batzuk egiten gaur egun. Ez izan fede txarrekoak aprobetxatuz gizarte mugimendu batek izan dezakeen organizazio erritmo motela eta herriari aditzera eman nahirik gazteak arduragabe batzuk garela. Zorionak estigmatizazio horretan bidea urratzen jarraitzeagatik. Nik aldiz ez zaituztet zuek estigmatizatuko. Kontzertuak Atsegindegiko plazan ospatzea proposatu zenuten hauek burutu baino ordu batzuk lehenago. Hori DEMAGOGIA da. Pena da aurretik ez proposatu izana. Agian hori izan zitekeen irtenbide adostu bat. Elkarrizketaren aldeko apustu garbia egin beharko luke udalak. Oraindik ez da berandu, hitz egin dezagun, ze Kontrakantxa gaztetxea argi indarrik gabe uztea ez zaigu gauzak kudeatzeko modu egokia iruditzen. Eta hala ere, oztopo guztien gainetik Kontrakantxaren lehendabiziko musika jaialdia ospatu zen pasa den larunbatean, zorionak!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!