Gure seme-alaben txabola lapurtu dute.

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 30a, 13:23

( Joakina Lujanbio, Mila Kintana, Mª Pilar Lujanbio eta Joxe Etxarri Artola, 30 gurasoren izenean ) Ez dugu izkutatuko: haserre gaude udalarekin. Haserre gaude udal honekin bai gurasoak garen heinean bai hernaniar gisa. Udal honen agintariek gure seme-alaben txabola lapurtu dute eta ez gaude konforme. Haserre gaude gurasoak garelako eta udal honek gure seme-alaben ilusioak zapuztu nahi izan dituelako. Onartezina iruditzen zaigu Hernaniko gazteen proiektu honi udalak eman dion erantzuna. Gure ustez Gazte -Txabola ekimena oso onuragarria da bai gazteentzat bai herriarentzat. Gazte-Txabolaren inguruan gure seme-alabek sormenean, elkartasunean, parte hartzean edo, berdintasunean bezalako baloreetan oinarritutako proiektua martxan jarri dute. Erabat pozgarria da ikustea nola kontsumismoa, pasibitatea eta egoismoa bultzatzen duen gizarte kapitalista honen aurrean gure herriko gazteek beste balore batzuk bultzatzen dituzten. Gazte-txabolaren ibilbidea ez da luzea izan, baina tarte honetan hainbat lan egin dituzte: San Joanetako akelarrea prestatu, musika kontzertuak, bertso saioak antolatu… Honen aurrean udalaren erabakia izan da hau dena zapaltzea. Badirudi udal honek gazte sortzaileak, solidarioak, aktiboak, errebeldeak ez dituela nahi. Kezkatuta gaude oso udal honekin, badirudielako `botelloia`, edo pastillazoak, edo `rayak` hartzearen eredua bultzatu nahi duela gure gazteen artean. Hala ere ziur gaude Hernaniko gazteek bere alternatibak eraikitzen jarraituko dutela. Eskuineko agintari fatxa guztien nahia izan da gazteria ixiltzea, gazteria menperatua izatea, gizakia artalde bihurtzea, baina herri honek modu batean edo bestean beti erantzuten jakin izan du eta horregatik aurrera egin dugu. Gezurra dirudi, baina egun hauetan berriz gazte sentitu gara, eta gure seme-alabekin bat egin nahi dugu eta animoak eman. Guk gure bizitzan, lanean, han eta hemen zapalkuntza zer den badakigu eta horregatik gaur, gure elkartasuna eta laguntza xumea eskaini nahi diegu Hernaniko gazteei. Gazte-txabola aurrera!! Hernaniko gazteak aurrera!!!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!