( Pako Sudupe ) Benetan atsegina zen harekin hitz-aspertu bat egitea. Berezko grazia zuen gauzak kontatzeko, eta hitz-jario egokiaz gain jakituria, bizitzak emandako eskola handia. Mutikoa zen 36ko gerra malapartatua hasi zenean; hala ere, bazituen amonak kontatutako pasadizoak oso gogoan, eta partekatzen zituen galdezka joandakoekin. Bat: `nola gauean hilerriko atzealde horretan era batera asko fusilatzen zituzten, hurrengo goizean odol-putzua egoten omen huen; lurrak ezin hainbeste gizonen odola xurgatu hain denbora gutxian, eta bi behatz odol edo ternillerainoko odola egoten omen huen`. `Nire amonak ondo zekian Hernanin zein emakume ibili zen margaritakin`. Zortea lagun izan nuen Imanol Larretxearekin topo egin nuenean. Asko lagundu zidan Pello Sarriegi antzezle eta drama-idazleari buruzko lantxoa idazteko. Sarriegi eta biak lankideak izan ziren Zikuñagako paper-fabrikan, eta Larretxea antzezle ere izan zen Goi-Alde antzerki-taldean, eta, besteak beste, Sarriegik idatzitako Jokaldi txar bat antzerkian antzeztu zuen. Donostiako Agora Saria irabazi zuen antzerki horrek 1966an. Seguru nago beste askok ere izan dutela haren laguntza; esaterako, Urko Apaolazak ere egin zion elkarrizketa Ahozko historia txikia idazteko baliagarri gertatu zitzaiona. Historia hurbilaren berri jakitea beti da ona geure burua hezteko, eta gurean areago, herri-kontzientzia sortzen edo areagotzen laguntzen duenez gero. Hernaniar, eta oro har, euskaldun guztion oroimen historikoari bere aletxoa ekarri dio Imanol Larretxeak, apala bezain ederra. Mila esker Imanol, hutsean emandako guztiagatik.
Pako Sudupe
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!