Agintariak agintean daude herritarrek (batzuek) hala erabaki dutelako. Gure zerbitzura egon beharko lukete. Herritarrek ordaindutako langileak dira. Hau ahazten dugun lehenengoak, hala ere, herritarrok gara askotan: agintariak eta funtzionarioak herritarron zerbitzura daude, eta ez guri mesedeak egiteko; guretzako eta guregatik daude dauden lekuan. Egia begibistakoa dirudien honek, ordea, ez du zerikusirik egunerokotasunarekin. Gaixotu zara. Erabaki duzu bata zuridunen esku uztea zure osasunaren zaintza. Joan zara medikuarenera. Hasi zara zure ondoeza azaltzen, eta agurrean bertan ezpada, berehala ikusi duzu tripako mina ez ezik, ahoan ere zer edo zer baduzula, izan ere, zure ondoeza azaltzeko hitzek ez baitute balio zu sendabidean jartzeko lan egiten duen langile horrek zer duzun ulertzeko. Gaixo bikoitza zara: gorputzez eta hizkuntzaz. Eta ez dakizu zer den okerragoa. Gorputzarena OSAKIDETZAK sendatuko omen dizu. Zure ondoez, poz eta gainerakoak adierazteko hitzena, nork?