Hernaniko euskara elkarteak bere ibilbidean geldiune bat egingo du azken
urteotako balantzea egiteko eta, batez ere, hemendik aurrerako ildo nagusiak
ezartzeko asmoarekin. Ez da makala dugun erronka, nire ustez Doberak sekulako
garrantzia duen lana egin dezakeelako.
Elkartea Hernanin euskararen inguruan gabezi bat zegoelako sortu zen, herrian
akuilu izateko helburuz, beti ere, gainontzeko talde, elkarte edota erakundeekin
elkarlanean. Orain artean hainbat eremu jorratu badira ere, esparru ugari daude
oraindik euskarak irabazi behar dituenak, eta horretarako Doberak bilgune eta
motorra izan beharko luke euskararen aldeko beste talde guztiekin elkarlan
estuaz (ikastolak, euskaltegiak, EHE, Bai Euskarari...).
Lan hauei heltzeko bazkideen eta, oro har, herritarren laguntza ezinbestekoa da.
Profesionalekin batera lana musu truk egingo duten euskaltzaleen premia dago
batez ere. Horiei esker sortu ziren bere garaian Kronika bezalako ekimena,
atzetik egindako lan handi eta isilaren fruitua izan zen. Lan talde arduratsu
eta kementsu bati esker ere burutuko dira etorkizunean proiektu berriak.
Horretarako, ilusioa erakutsi behar genuke, batez ere, uneotan Doberako
ekimenetan parte hartzen ez duten euskaltzaleak proiektura erakartzeko. Hori da
behintzat nire ustea.
Baina honetaz guztiaz datozen bi larunbatetan hitz egingo dugu. 400 bazkidetik
gora gaude deituta. Ea gai garen lan txukun bat egiteko.
Peio Egaña Sarobe