Hilabetetik gora pasa da tabakoaren aurkako estatuko legea indarrean jarri
zenetik eta 7 urtetik gora Eusko Jaurlaritzako drogomenpekotasun legea indarrean
jarri zenetik. Hernaniko kiroldegiko erabiltzaileok jasan beharra daukagu kirol
eraikina den udal eraikin horretan erretzen dutenen ke txarra.
Gaur egungo legediak galerazi egiten du udal eraikin horretan erretzea, baina
badirudi eraikineko zuzendariak eta Kirol Patronatuko Lehendakariak entzungor
egiten dutela. Gaur egun, eta berak bertan direla, lasai erretzen segi bailiteke
kiroldegiko taberna inguruan (eta gainera, legeak galerazia dauka bertan 20º
alkohol baino gehiago duten edariak saltzea eta ez dira falta coñac-a whisky-a
eta bestelako edariak, graduazio altuagokoak).
Estatistiken arabera, %70 baino gehiago dira erretzen ez dutenak, eta Hernanin
kontsekuente izanda, ZUMITZA eta kiroldegiko tabernetara jo dezakegu, baina,
badirudi kasu honetan gehiengoak ez duela ezertarako balio. Eta kirolaren bidez
drogaren aurkako baloreak egunez egun lantzen diren leku batean, agintarien
aldetik ez dugu kezka hori nabarmentzen, lakra honen aurka egiteko (adibide gisa,
agintaririk eza urtarrilean Askagintzak antolatutako azkeneko mahai inguruan,
Biterin).
Arratsaldero Kiroldegiko udal eraikina betea dago kirolean dabiltzan neska-mutilez,
eta baita gurasoek lagunduta taberna eta inguruan itxaroten duten beste neska
mutil askoz ere; baina berdin du, erretzea baimentzen da, eta eskerrak legeak
sarreran dion adin txikikoak babestu behar direla ke txarretatik.
Eraikineko zuzendariari gaiaren inguruan galdera egin nion urtarrilaren 5ean eta
erantzun zidan pare bat orduan espero zuela Patronatuko Asesore legalaren
erantzuna (egun asko joan dira eta ez dut dudarik egiten erantzuna jasoko zuenik),
nahiz eta jakin legea urtarrilaren 1ean sartuko zela indarrean. Zergatik ez zuen
gestioa lehenago egin? Legea irakurtze hutsak argi uzten du ez dagoela aukerarik,
UDAL ERAIKINA eta gainera KIROL ERAIKIN ESTALIA.
Patronatuko Lehendakariari idatzi bat bidali nion urtarrilaren 19an, sarrerako
registroaren bidetik, indarrean dauden legeak betetzeko eskatuaz. Beregan
normala den bezala, gaur oraindik ez du erantzun, tira, nire izenean edo
representazioan azken hilabeteetan aurkeztutako idatzi guztiak bezalaxe. Nahiz
eta orain seguru nagon erantzungo didala.
Eusebio Lizarazu Iruretagoiena
(*Erredakzioan euskeratua)