ETXEBIZITZA HANKAZ GORA

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 17a, 11:07

( Beinat Aginagalde Ugartemendia, ATE JOKAKO kidea )

Ostirala 17 arratsaldeko 19:00tan Gudarien plazan, inmobiliarien papera salatu eta etxebizitza arazoan Udaletxearen inplikazioa eskatzeko, mobilizaziora deitzen du Ate Jokak.
Etxebizitza merkatuaren logikan funtzionatzen duen bitartean, ezinezkoa da denon eskubidea dena bermatzea. Negozioa egiteko gauza bat bezala erabiltzen dute hainbatek, askoren etxebizitza premia larriaz maltzurki baliatuz gainera. Zentzu honetan, adierazgarria da inmobiliariek jokatzen duten papera; etxebizitzaren kontura etekinak lortzeko helburu bakarra duten enpresak dira, eta honetarako, erosi, alokatu edota informazioa eskaintzeagatik soilik, beraiek ezarritako zerga kobratzen digute.

Ez diezaiegun inmobiliariei lagundu!! Beraiek guri lapurtu egiten digute!! Harrigarria da nola herriko hainbat eta hainbat denda eta taberna, beraiek kaleratutako aldizkari/propaganda zabaltzeko prest dauden, ezeren truke gainera. Mota honetako aldizkari nagusiaren izena ere nolanahikoa ez da: Duplex!. Gehienontzat egoera ez da Duplex batean pentsatzekoa eta irain moduan hartu beharko genuke. Gainera, benetako etxebizitza beharrik ez dutenei begira, espekulazioa erabiliz beraien ondasun mailan gora eta gora egitera bultzatzea bilatzen du. Horregatik ostiral honetako mobilizazioari hurrengo leloa jarri diogu: EZ DUGU DUPLEXIK BEHAR!!.
Etxeen salmenta eta alokatzea inmobiliariak ez diren beste bide batzuetatik eskaini behar dituzte etxeen jabeek. Horretarako beharrezkoa da Udaletxeak gestio lan hori bere gain har dezan, guztioi gehiegizko zerga hori ezarri gabe. Bide batez, Udaletxeari eskatzen diogu etxebizitza problematikari behingoz heldu diezaiola, etxe hutsen erabilpena bultzatzeko neurriak hartuz eta alokairuzko etxebizitza parke publikoa bultzatuz.
INMOBILIARIAK LAPURRAK!! ETXEBIZITZA ARAZOAN UDALETXEA ERANTZULE!!

Beinat Aginagalde Ugartemendia,
ATE JOKAKO kidea
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!