- Ez al dituzu zimurrak kendu nahi?- galdetu zidan.
- Nik? Zimurrak kendu? Kostatu zaizkidanarekin? Nire diseinu propioa dira, nire identitatea. Hemen, nire gorputz eta aurpegian marrazten dira nire bizipenak. Barre egitearen ondorioz ditut begien hertzetako abanikoak eta masailetako zulotxoak, hausnarketak bekokiko tolesdurak utzi dizkit, ezadostasunak sudur gaineko marra bertikal hori, eta haserretzea egokitu zaidan aldiek utzi didate pixka bat itsusia den sudurreko keinu hori. Eta beste hainbat zimur… Seme, oroitzapen gabe utzi nahi nauzu?
Nire sabel borobila, biziarekin edo gabe jaio ziren hainbat haurren gordeleku, erditzearen ondorengo aldaka eta gerri zabalak, umeen elikagai izan diren bular eroriak, eta garbitu eta lurra lantzearen ondorioz arrailduak gelditu zaizkidan eskuak. Hori ni naiz.
Badakit azala liso eta leuna daukaten andrak badirela… agian ni baino hobeak dira, agian garrantzitsua da zimurren aurkako krema, botoxa, zirujia estetikoa erabiltzea garai eta beharrizan berriek eskatzen duten mailan egoteko, gutxiago ez izateko. Baina horretarako ni izateari utzi beharko nioke, eta horrek ez dakit asko konbentzitzen nauen, seme… Uste dut zirujia larrialdi kasuetan besterik ez dudala erabili nahi.
Gaztaroak atea parez pare irekia duela eta zahartzaroari atea muturretan ixten zaiola sentitzen dut, eta ez dut ulertzen… ez al dira bi etapa hauek bizitza beraren parte? Edo baliteke ni erratuta egotea, agian bateraezinak dira? Amonen arteko laguntasuna ere bateraezina izan daiteke orduan, eta gure artean joditzen ibili behar al dugu?
Nik zaharra denarekiko miresmena ikusi dut… museoetan batez ere, eta desagertu eta gero gehiegitan.
Eta nik ez dut etorkizuneko jainkorik gurtu nahi, ezta izan nuena faltan bota nahi ere… Nire zimurrak eta daukadana mirestu nahi dut… berria denari aterik ixteko beharrik gabe. Kalera atera nahi dut, ibiltzera, plaierak jantzita eta sudur puntan jartzen baldin bazait musua margoturik, eta esan diezadala inork ridikulua naizela edota soberan nagoela! Seme, bere intrantsigentzia gaixoaz barre egingo dut eta amonek merezi dugun errespetua aldarrikatuko dut bere aurrean… Haragi eta hezurrezko amonek, etxe amonek, amona eskinek, plaza amonek, amona bideek, amona zelai berde eta zabalek, kale amonek, amona arteek, pagoek, oroitzapen amonek…
Nahia Eguskizaga Bilbao
(Irrigoenea amonan bizi den
etorkizuneko amona)