( Pedro Miguel Bealsá, Erich Bidegi, Alaitz de la Cruz eta Igor Irazusta ) 2004ko azaroan, Larramendi kaleko maisu etxeetan familia batzuk zeuden acogidan, itxitako lokal asko ere bazeuden eta gazte batzuek erabaki genuen hauek txukuntzea bertan bizi ahal izateko. Etxebizitza arloan erantzukizuna duten udal ordezkari ezberdinek diotenaren kontra, ez ziren beraiek izan espazio horiek utzi zizkigutenak. Eta are gehiago: ez ziren etxebizitza.
Etxebizitza horietan jendea era masiboan sartzen hasi zela ikustean, beraien erantzuteko modua izan zen marginatuentzako dituzten programetan sartzea (kontratu itxurako akordio baten bidez). Hemen hasi zen bidegabekeria. Hasieran denek onartu genuen beraiekin hitz egitea, argi ikusi genuen arte gezurretan ari zirela eta manipulatu egiten gintuztela. Hori dela eta bizilagun batzuek beraiekin zituzten harremanak moztu zituzten. Honek ekarri zuen Ongintzak karta bat bidaltzea esanez ez bagenuen beraiek nahi zuten kontratua sinatzen guk txukundutako etxetik botako gintuztela eta marginazio egoeran zeuden beste batzuei emango zizkietela. Hau da beraien hipokresiaren adibide garbia. Hilabeteak aurrera doaz eta jarrera berdinean jarraitzen dute. Ez digute inolako kasurik egin, etxebizitzetan konponketak egin eta inolako abisurik jaso ez izanaren punturaino. Gure etxeetako fatxadak saneatzen ari zirela, gure balkoiak zikinez bete zituzten eta bizilagun baten kotxeko kristala txikitu zuten. Zorionez ez zen inolako kalte pertsonalik izan.
Nahiz eta bagenekien edifizio hori bota egingo zutela ez dugu sekula jakin benetan noiz egingo duten. Esku artean duten arazoa ez da gutxi batzuena, ez da `gure arazoa`, gizarte arazo bat da herri guztiari eragiten diona: etxebizitza.
Gauzak horrela, uztaila hasieran, bi udaltzainez eskoltatutako notario bat bidali zuten bizilagunei jakinarazteko hilabeteko epea zutela etxea uzteko. Gure sorpresa izan zen ikusi genuenean bizilagunek etxebizitzak hustutzen zituztenean barruko paretak botatzen zituztela udaletxeko brigadakoek, bizilagunak barruan egonda. Honek ekarri du hainbat bizilagunek beraien seguridadearengatik beldurra izatea. Adibide bezala, jendea bizi den bi etxebizitza erabat inundatu ziren goiko etxebizitzak txikitu ondoren. Udaletxeak erantzukizun falta izugarria azaldu du eta langileek elkartasun eta errespetu falta. Epea iritsita (uztailak 31), luzatu egiten dute hainbat gauza dituztelako konpontzeko eta opor garaia delako...
Arazo konkretu bat kendu nahi dute gainetik, egoera orokor baten ondorio dena: etxebizitza falta prezio eskuragarrian.
Gaur, 2005eko abuztuaren 10ean, Larramendi-Katangako bizilagun batzuk gure etxeetan jarraitzen dugu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!