( Ibai Goñi. ) Berriro ere kaka nahasten. Hori otu zitzaidan atzo kronika irakurtzerakoan. Zergatik izango ote da horrela? Zergatik altxa ote da horrenbeste hauts bidea breazkoa denean? Zergatik atzera begiradak? Zergatik besteak (norberak ez noski) zer gaizki egin duenaren inguruko eztabaida antzuak? Hautsa, lanbroa, kea akaso. Ez dut gogoratzen non eta noiz irakurri nuen baina nere gogora huraxe etorri da, ´ke saltzailea`. Hori da bidea ikusi nahi ez duenaren taktika, horixe biderik ezagutzen ez duenaren taktika, amildegiaren ertzean egon arren, norberak harrotutako hautsari begira gelditzen denaren taktika paregabea.
Nazkaturik nago. Nazkaturik ardura politiko haundia duenak (herritarren poltsikotik ordainduriko kargu publikoa Udalean) ardura beharrean arduragabekeria eta lotsagabekeria izugarria erakusten duelako. Zergatik esango dizut, arrazoitu hobe esanda. Jarrera arduragabea da zurea Arratibel jauna, Hernaniko herriaren etorkizuna jokoan dagoen momentu honetan, (aurreko batean berdina esan nuen baina irakurri ez zenuenez) orain 4 urte, orain 5 urte, orain berdin zait zenbat urte egindakoaren inguruan ari baitzara eztabaidan. Bost axola niri egindakoa, egindakoa atzean dago eta ez du atzera bueltarik, oraina da geroa eta geroa gure apustua. Zure apustua? ´Andereño bea hasia` ´ez bea izan da!!!` `ez bea!!!`. Nahikoa da. Garaian garaikoa. Bakoitzari berea. Bestetik lotsagabekeria haundia da zurea Arratibel jauna, ez eztabaidarik, ez aurre-azterketarik, ez analisirik ez eta diagnostikorik gabe Udal gobernuak, Tamariz bailitzan, txisteratik atera duen untxia (Arau Subsidiarioen lege berrikuntza proposamena) saltzen saiatzea. Jendeari errealitatea ( desarroilismo basatia, espekulazioa, inposizioa, marjinazioa, deskulturizazioa, Mcdonalizazioa…) ezkutatu eta magia (garapen ´jasangarria`, XXII. Mendeko Hernani, Babes ofizialeko pisuen panazea, herriaren itxura - bai itxura besterik ez - paregabea, MegaHernani hiria…) saltzen saiatzea benetan lotsagarria da. Ez dut kalifikazio gehiago egingo ez baitu pena merezi.
Azkenik irriparrea eragin zidan Arratibelen atzoko prentsa oharreko zita bat gogoratu nahi nuke, hala zioen zinegotziak: `Guztiari ezetz esatearen jarrera hori alde batera utzi eta ekarpen positiboak egitea…`. Eskerrikasko gomendioagatik. Zuk egiten ez diguzun kasua egingo dizut, horra hor erantzuna: Nik bai esaten diot Bonobusari, bai kalitatezko garraio publikoari, bai Arau Subsidiario berritzaile, aurrerakoi, herritar eta ezkertiarrei, bai Hernaniko herriaren izaera mantentzeari, gure kultura mantentzeari, bai benetako politika sozialak indartzeari, bai alokairuzko etxebizitza sozialak bultzatzeari, bai etxe hutsak berrerabiltzeari, bai Hernaniko zine eskeintza alternatiboa berpizteari, bai benetako eztabaidari, bai Arau Subsidiarioen inguruan Hernaniko herrian erreferendum ez baztertzailea (egungo Udala ez bezela) egiteari, bai Euskarari, bai Ama Lurra errespetatzeari, bai gure biloben bizi kalitateari (ez pentsatu diruaz ari naizenik, denak ez baitugu buruan amets berdina), bai Herriari, bai bakeari eta noski bai ke saltzaileak Udaletik perira bidaltzeari.