( Mikel Arrieta Iraola ) Oraindik orain batzuk harridurarako dohaina dugu eta aitortu behar dut Arratibel jaunaren idatziak zur eta lur utzi nauela. Hain gazte eta oroimena galtzeko bidean, hau lastima! Horixe da pentsatu dudana, beraz Arratibel jaunari hainbat gai gogoraraztea zentzuzkoa iruditu zait.
Lehenbizi ondo legoke Arratibel jaunak hausnartzea, berak gogoratzen duen bezala, zergatik den `Hirigintza zinegotzia` une honetan. Gai honi bost minutu eskainiko balioke gogoratuko zen Hernanin udal hauteskundeak Bildu Hernanik irabazi zituela eta Rekondo, Arratibel eta bere koadrila agintzen badaude da Bildu Hernaniren ilegalizazioaz baliatzen ari direlako. Bi urte pasa dira eta jende honek ez du ezer egin hernaniarren hitza eta nahia betearazteko. Bi urte joan dira eta gure agintari hauek ez dute inolako urratsik eman hernaniarrek aukeratutako zinegotzien eskubideak onartzeko. Aukera izan dute eta dute horretarako, hor daude Lizartza eta Azkoitiaren kasuak, baina nahia eta borondatea ez.
Horregatik Arratibel jaunari ` hernaniarren iritziei irekiak daudela`, `parte-hartzea eta debatea sustatzen dutela` eta antzeko arrazoiak irakurtzea barregarria baino iraingarria da senarentzat.
Azkenik eta ez luzatzearren udal gestioari buruzko aipamenak daude, eta horretan ni baino pertsona adituagoak daudenez aholku txiki bat ematera mugatuko naiz, San Agustinen hitzekin jolastuz: `umiltasuna, Arratibel jauna, umiltasun gehiago`.