( Txema Armentia, Luis Aizpurua eta Eusebio Lizarazu ) Barrio jna. berriro ere zure haserrea agertu duzu guk zalantzan jarri ditugulako zuen erabakiak. Beti bezala deskalifikazioak eta gure ahotik atera ez diren hitzak baieztatu dituzu. Ez gaude igerileku irekien aurka
Hiriko guraso eta biztanleak gara, eta iruditzen zaigu ondo egin behar direla gauzak, pentsatzen dugu Hernaniko igerileku proiektuak denon iritziak behar dituela etekin onena lortzeko.
Hiriko kirol ekintza guztien ardura zure eskuetan dago, zu zara H.U.K.Pko Lehendakaria eta horregatik ordaintzen zaizu, truke kirola bultzatu eta lagundu egin behar duzu. Zure ekintzetan kirol guztia onartu behar duzu, jolas kirola, kirol federatua e.a., baina gure esperientziak esaten digu aipatutako arloetan axolagabe jokatzen duzula. Adibide bezala aipatzen dituzu jolas eta konpetizio kirol ekipamenduak osatzen ari diren hiriak. Egia da Tolosa estali gabeko igerileku bat egiten ari dela, baina ez duzu aipatu, kirol gune berean 25 metro eta 10 kale dituen igerileku estali bat egiten ari direla.
Zarautz hiria bigarren igeri leku estalia egiten ari da, 25 metro luze eta 6 kale zabalean izango dituena.
Donostian, Gros auzoan, igerileku esparru handi bat egin dute, igerileku batek 27 x 12,5m izango ditu, beste igerileku bat irregularra eta txirristra bat izango du umeentzako, eta hirugarrena txikienak jolasteko, baina denak estaliak, ur beroarekin eta urte osoan erabiltzeko.
Foru Aldundiko diru laguntzarekin Anoetako igerileku estaligabea bota eta igerileku berri bat egiten ari dira, estalia noski eta urte osorako, berdin egingo dute Etxadin.
Egitasmo guzti hauek ikusirik, zuk Hernanin onartzen duzuna zentzugabekeri bat da eta Tolosa eta Donostiarekin parekatzea burugabekeria.
Badakizu zenbait igerileku dauden Gipuzkoan 6 kale baino gutxiagorekin? Esango dizugu, Usurbil eta Hernani.
Berriro ere esango dizugu eta ez gara aspertuko, guk ez dugu nahi igerileku bat urtean 30 egun erabiltzeko, eta gutxiago zuk aipatu duzun bezala milaka erabiltzaile izango direla jakinik. Nola sartuko dira milaka pertsona hauek, 30 egunean? Gu eta hiritar asko pozik izango ginake, ur esparru bat egingo bazenute, jolas eta konpetizio kirola egiteko, igerileku estaliak eta egokituak egiten badituzue. Azken finean Hernanin bizi garenok nahi dugu urtean 365 egunean igeri egin.