( Rufino Rekalde.
Hernaniko Pelota Delegatua ) Herriko pilotak bi egun zoragarri pasa zituen herriko jaietan. Igande goizean Herriarteko txapelketa irabazi genuen, Azkoitiari 2-1 irabazita. Hernaniko pilotariek eta Bergarara joan ziren 300 jarraitzailek, merezi zuela eta bertan hasi ziren titulua ospatzen. Arratsaldeko 7,00etan `Santa Barbara` txarangak plazan hartu eta kalejiran eraman gintuen ehundaka lagunen `zorionak` jaso genituen bitartean.
Astelehen arratsaldean pilotaldi profesionala antolatu genuen, urtero `Baserritarraren Egun`ean egiten duguna. Hernaniko pilotariek egin zuten lan zikin guztia eta pilotakook 9.500 euro jarri genituen arriskuan. Bai dirutan, bai kirol aldetik, lortu genuen arrakastak guzti-guztia merezi izan zuen. Azkenean, Jai Batzordeak Udaletxeko balkoira igoarazi gintuen bandera jeistekoan bete-beteta zegoen plazaren omenaldia jasotzera. Hau ere eskertu ezina gertatu zitzaigun.
Baina, izenburuan jartzen duen bezala, zorion osorik ez omen dago eta etsita gaude herriko agintariek emandako tratuarekin. Orain arte ez dugu jaso zinegotzi bat beraren zorionik. Herriak dakiena, berek ez ote dakite? Itxuraz, ez zaie iritsi Hernaniren izena komunikabideetan hiru egunetan gorenean ibili denaren oihartzuna.
Gainera, herriko gazteren batek gaupasa egin, kotxea hartu eta bideko arriskuan pentsatu genuen. Eta Bergarara joateko autobus bat edo jarri beharko litzatekeela esan genienean, erantzun ziguten diruz juxtu xamar zebiltzala eta ikusiko zutela. Pilota elkartekook antolatu genuen autobusa.
Bestalde, Azkoititik herriko ordezkari gisa alkatea joan zen eta Hernanitik kiroldegiko langile bat. Zer dugun langile baten kontra? Ezer ez, noski, baina ez da gauza bera.
Azpeitiko pilotariek iaz esan zigutenez, Herriartekoa irabazi zutenean, udalgizon-emakume guztiak musika bandarekin herriko sarreran beren zain egon omen ziren, kalez-kale udaletxeraino eraman eta herriko plaza leporaino beteta zegoela izugarrizko harrera eta omenaldia egin omen zieten. Guri oraindik ez digute eskerrik askorik esan.
Amaitzeko, gure eskerrik beroena gure herriari, bere poza bihozkor azaldu digulako, eta, nola ez, `Santa Barbara` txaranga eta Jai Batzordeari beren harrera bero eta omenaldi kuttunagatik. Eta beste hainbeste `Hernani Bidaiak`i, izan ere, bere laguntzagatik joan ziren 50 pilotazale hernaniar finalak ikustera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!