G3 (garraio kolektiboaren defensarako apunteak)

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 6a, 01:00

( Luix Gorrotxategi Zigaran ) G7, G8, G20... ez zaizkit batere gustatzen; ni G3aren alde nago. Duela aste batzuk garraio publikoaz ‘Donostia’ Ospita­lera joan nahi zuten Bu­runtzaldeko zenbait biztanlek (gazteegi, zaharregi, diru gu­txiko, ezindu, kotxea alboratu dutenek, adi­bidez), ordubete inguru behar zuten helmugara iristeko. Urte berriarekin estrenatutako G3 zerbitzuari esker ibilbide bera askoz denbora gutxiagoan egin daiteke eta, gainera, merkeago. Errepasa ditzagun linea berri hori ezartzeak dakar­tzan zenbait datu eta ondorio. . Kronikan azaldutako da­tuen arabera, lehen astean 2.114 erabiltzaile mugitu ziren G3an batazbesteko hemezor­tzina bi­daiariko 140 bat joan-etorrietan. . Mugikortasunaren iker­tzaileek kotxe pribatuari 1,2ko okupazio tasa aplikatzen diotela kontuan hartuta, 1.700 kotxe behar dira bidaiari mul­tzo hori garraiatzeko. . Hau da: 1.700 motor, 1.700 bozina, 8.500 neumatiko, eta baita kuantifikatzen zaila den histeria ere. . Okupatzaile kopuru berdina garraiatzeko busak atmosferara botatzen duen CO2 kantitatea laukoizten du kotxeak. . Erregai kontuan, (beti erabiltzaile parekotasunean) he­gaz­kina ez ezik, beste edozein garraio kolektibok baino gehiago irensten du kotxeak. . Gure kasuarekin jarraituta, Ospitaletara iristen diren kotxe erabiltzaileen ilusio nagusia (uto­piko bezain frustrantea): iritsi eta bertan aparkatzea; autobusak ordea jendea jaso eta bere zikloa jarrai­tzen du. . Ez dut daturik ezagutzen beste parametro batzuez erre­feren­tziarik eman ahal izateko (siniestralitatea, zarata, herriar­teko errepideetako ohizko ibilgailu pilaketak, eta abar). Hilean behin, mugikortasunari zuzendutako Topagune Berdean biltzen garen lau katuek (etxeko katuak, ederrak benetan) interes handiz partekatzen ditugu gai honen inguruan Hernanik sortzen dituen kezkak. Nola ez amets egin, esate baterako, gure herriak gero eta premi handiagoz es­ka­tzen duen barne garraio ko­lektiboa, efektiboa eta behartuenen ekonomiari egokituarekin? Etorkizun beldurgarri ba­ten atarian ‘bizi’ garela uste dugu. Keba! Atari hori aspaldi gainditu genuen. Etorkizun beldurgarri horretan gaude, jada errealitate gogor bilaka­tzen ari baitzaigu. 2000 urtean 700 miloi kotxe omen zeuden munduan. 2030 urterako ko­puru hori bikoiztea espero omen da (www.consumer.es/web/es/motor/mantenimiento_automovil/2004). Lasai, mundu dimentsioaz ari­tzeak ez gaitu zorabiatu behar. Tokiko datuak askoz kezkagarriagoak dira. Hernani mikroplanetan bertan, 9.000 kotxe inguru dauzkagu, eta 2015e­rako kopuru hori 14.000raino igo daitekeela aurreikusten da (Hernaniko Udala, Hirigintza saileko Mugikortasuna eta desplazamenduak txostena). Gaur egun, herrialde garatuetan behinik behin, mugi­kor­tasun sostengarriaz Interes mi­nimoa duenak badaki, ga­rraio kolektiboak neurri haundiago batean erabili beharko lituzkeela. Informazio hori kontzien­tzian zein neurritan gorpuzten den beste kontu bat da. Eta herritar hori Bere konzientziarekin konsekuente izango den ala ez, kontu urrunago bat. Bus linea berri bat martxan jartzea justifikatuta baldin badago (kapitalista ga­koa: errentagarria baldin ba­da), automatikoki bus horrek betetzen duen ibilaldia kotxe pribatuaz egiteko erabili ohi diren justifikazio/aitzakiek indarra galtzen dute. Ariketa xinple honek eskain­tzen digun irakaspena begi-bistakoa da. Nire txalo xume eta zintzoa G3aren estrei­naldia ahalbidetu duten pertsona, zein enpresa, zein erakundeei. Amaitzeko, Kronikako irakurle sufritu hori, garraio ko­lektiboaren abantailaz mintzatu ondoren, nire gogoetaren baitan bidaiatzen duen galdera pribatu bat kolektibizatu nahi dut zurekin: zergatik erretzen ote dituzte autobusak?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!