Ekuazioa

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 9a, 01:00

( Jexux Eizagirre Portillo ) Angel Olaran herritarraren lagunek, ezin konta ahalako abesbatza osatzen dute. Baina, apenas iristen zaigu haien ahotsa: hain da zurru... murru... Gainera, ez diegu entzun nahi. Iñaki Gabilondo (1.800.000 euro, urtean) donostiarraren lagun telebisiboek, apenas osatzen dute otxote bat. Baina, beti ditugu begi aurrean, eta belarri er­tzean, betiko txapa jotzen: Merkatua da jainko! Olaranen lagunak, goseaz eli­katzen dira. Egunero, 100.000 hiltzen dira. Haiek guz­tiek izen bakarra dute: anonimoa. Gabilondoren la­gu­nak, botereaz elikatzen dira. Txit ezagunak dira: Gon­zalez, Zapatero, Botin... (beno, egiari zor, ezin esan San­tander bankuaren ´jaun eta jabea` inoren laguna denik, baina Gabilondoren jefe berria badela bai: bankuak erosi baitu Gabilon­doren enpresaren zorra). Lagun horiek ez dute gosea asetuko, baina hilerriak bai; batik bat Hirugarren Mun­duan. Zapaterok murriztu egin du Hirugarren Munduaren­tzako ´laguntza`: 918 milioi gutxiago. Gabilondoren la­gu­nek beharrezko irizten diote (Lehenik, salba ditzagun bankuak!). Olaranen la­gunek, berriz: Lehen ere na­hikoa kentzen diguzue (Hi­rugarren Munduko nekazariak kafea 60 zentimotan saltzen du, kiloko: gure munduan 26 euro egiten du kiloak). Errematea: Buenafuente-k (2.000.000 euro, urtean), telebistan, Gabilondo maisuari egin dio galde: Zein eredu jarriko zenuke, gazte jendearentzat? Galderak badu bere funtsa: Gabilondoren anai-maitea baita Hezkuntza ministroa. Eta maisuaren erantzuna: Xavi eta Iniesta futbolariak baino ereduagorik ez dut beste inor ere ikusten. Gabilondoren lagunak: poz-pozik (Zer litzateke Espainia, ´La Roja` gabe?). Olaranen lagunak, berriz ere, buru makur. Ekuazio sinple bat da arazoa. Futbolaren zorra = Etiopiaren zorra. Bata, fitxaje milionarioen erruz. Bestea, gure munduaren erruz. Nork ordainduko du bata, eta nork bestea? Ez da katedratikoa izan behar, inkognita asmatzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!