Photosopa kultura politikoen garaia

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 24a, 01:00

( Juan Ignacio Arrieta Egileor Partehartze zinegotzia ) Ez da lehenengo aldia EAJko bozeramailearen gaztelerazko  ´calumnia que algo queda` delako horren filosofiaz bilatutako gutuna irakurtzen duguna. ´Zen­bat!!` izeneko gutunean hernaniarren parte-hartzea sustatzeko erabili omen diren 80.000 euro horietaz kexu ager­tzen da. Gutunean ezkutatu diren informazio garrantzi­tsu batzuk azaltzera nator iritzi batzuekin batera, zuk irakurle, zure ondorioak atera ditzazun.
80.000 euro baino kopuru txikiagoa jartzeak ez zuen herritarra behar bezala aztoratuko eta. Agian horregatik, egileak 2 urte ezberdinen gastuen batuketa egin behar, tartean, herritarren parte-hartzea sustatzea helburu ez duen LKSren lanak(29.500 euro) bertan sartuz. Izan ere, LKS Hernanin dagoen eskari kulturalaren azterketa soziologikoa egiten ari da. Honen harira, azterketa egiteko erabakia aurreko agintaldian hartu zen, eta lana esleitzeko agintaldi honetan emandako urrats guztietan erabakia aho batez hartu da. LKSri behin-betikoz lana esleitzen zaio 2009ko urtarrilaren 13an egindako kontratazio ma­haian Amona­rraizen babesarekin.
LKSk erabiltzen dituen  ohiko ikerketa teknika soziologikoez  gain (inkesta edo eztabaida taldeak) teknika parte-hartzaileak ere daudenez, EAJko kideak baliatzen du parte-hartzearen zakuan sartzeko, jakin arren azterketaren ordainketa bera ere kulturako partida batetik datorrela. Jakitun da oinarririk  izango ez lukeela gutunak 80.000 euro horiei 29.500 euro ken­tzen badizkiogu.
Azken finean, errealitatearen argazkiak ez diezazula izorratu titular on bat; bat ez badatoz, izorra dadila errealitatea. Argazkiak ez badu zure iritzia sostengatzen, beti izango dugu photoshopera  joateko aukera errealitatea norberaren neurrira egokituz. Halaber, horrelako jarrerak zein suposizioengatik estimulatzen diren da nire kezka. Nire ustetan, besteak beste,  suposizio hauen oinarrian idazten dituzte horrelakoak: 1) Politikoa eta herritarraren artean informazio asimetria dago. 2) Herritarrak ez du gaitasun kritikorik ailega­tzen zaiona aztertzeko, eta beraz, dena irensteko joera du. 3) Gauza publikoekiko herritarra apatikoa da, interesik gabekoa.  Badugu, beraz, nondik lanean segi suposizio hauek gezurtatzeko praktikan.
Egin beharreko lanak, dena den, ez ditu saihestuko epe motzean, nire ustez, mota honetako idazkiak   azaltzea; are gehiago, ugarituko direnaren susmoa dut. Zergatik? Hurrengo Udal hauteskundetako usaia nabaritzen hasi da oro har, eta lasterketa horri begira irteeran leku egokia bilatzeko lanak hasi direlako. Botoen garaia da; photoshopa kultura politikoaren garaia, batzuentzat.  
Bukatzeko, inor ez aspertze aldera, aldez aurretik abisatu nahi dut gai honi buruz nire lehen eta azken gutuna dela honakoa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!