( Ane Fraile. Ziria, erabiltzaile euskaldunen lataformaren izenean. ) Orain denbora gutxi jakin dugu, Hernaniko Osasun zentrura pediatra berri bat etorriko omen dela. Hori dela eta, euskal erabiltzaileen plataformak, ZIRIAk, ekimen berri bat martxan jartzea erabaki dugu.
Hernaniko anbulategian erabiltzaile euskaldunok bizi dugun bazterketa eta babesik eza urtetan nagusitu da. Horregatik, aukera berri hau ez dugu alferrik galdu nahi eta Administrazioak berak aitortzen dizkigun eskubideak aintzat hartuz, eskari zehatz hau egiten dugu: anbulategira etorriko den pediatra berriak, zerbitzu hori bera euskaraz eman ahal izatea.
Orain bi egun Osakidetzak onartu berri duen erabakiari helduz, postu guztietarako 2.Hizkuntz Eskakizuna eskatzea gaurdanik betetzea nahi dugu. Herriko haurren %90a D ereduan matrikulaturik egonda, oraindik ulertezina iruditzen baitzaigu zerbitzu hau 20 urtetik gora osoki euskaraz jaso ahal ezin izatea.
Oso larria iruditzen zaigu guraso edo haurraren laguntzaileak, itzultzaile paperak egitera derrigortu eta bitartean, langile hauek dituzten komunikazio arazoei irtenbideren bat ez ematea. Eta eskaria orain egiten ez badugu, badakigu zer datorkigun: beste behin ere, haur eta herritarren kalterako, langileak euskalduntzerako hamaika urte pasako dira.
Horregatik datorren astean, haurrak goizeko saioa bukatutakoan, eskola atarietan, sinadurak biltzeko mahai bat jarriko dugu. Guraso, laguntzaile, irakasle zein herritarrak, sinatzera deitzen zaituztegu. Guztion laguntza beharrezkoa da!
Eskoletan: ekainaren 7an, asteartea, Meaben (Langile), ekainaren 8an, asteazkena, Gaymurren (Urumea) eta ekainaren 10ean, ostirala, Elizatxon.
Herrian: ekainaren 10ean, ostirala, arratsaldeko 16:30etatik 18:30etara, Plaza Berrian.
Hauxe ez da egin nahi dugun ekimen bakarra. Zure kexa behin baino gehiagotan egin baduzu eta guzti honen berri izan nahi baduzu datorren ekainaren 9an, osteguna, arratsaldeko 19:30etan Biteri kultur etxean egin den erabiltzaile euskaldunen bilkuran elkar ikusiko dugu.
Osasun zerbitzua guztiona eta guztiontzat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!