( Ibai Goñi ) Labur eta zehatz, Hernaniko herriaren etorkizuna aldatzeko pausoak eman direla arrazoitzen saiatuko naiz, Iñaki Arratibelek gezurtatutakoa alegia. Udal Gobernuak proposamen bat aurkeztu du, Arau Subsidiario berriak. Lagun artean, lanean, mendian,… proposamen bat egiten denean, proposamena egiten duen subjetuak norantza bat markatu nahi du, norantza hau arrazoi eta oinarriak aztertu ondoren hartutako erabaki subjetiboa da eta aldaketetara zabalik egon arren beste kideek proposamena onartu ezkero aurrera egingo luke. Udal Gobernua da proposamena egiten duena kasu honetan horregatik, U. G.-ak eta berau babestu duten alderdiek trazak markatu dituzte, beraien iritzia subjetiboa eman dute, norabidea finkatu dute, pausuak eman dituzte, nahiz eta proposamen honek aldaketak jasateko aukera izan. Ez dezatela hortaz gezurrik esan. Norabidea: milaka etxebizitza berri egitearen apustua. Abiadura: Jendea konturatu baino lehen. Beste kontu oso desberdin bat da herriak hau onartuko duen eta aurrera egiten utziko dion. Hortaz egia borobila da, behin eta berriz errepikatuko dut, gaur egun Udaletxean dauden agintariek Hernaniko herriaren etorkizuna baldintzatzeko pausuak eman dituztela. Bestalde iritziak (proposamenak) fundamenturik ez badu, iritzia (proposamena) baino astakeria da, horregatik galdera zuzen eta argia: zer oinarri eta arrazoi ditu Udal Gobernuak 3.751 etxebizitza berri eraikitzea proposatzeko?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!