( Iñaki Arratibel
Hirigintza Zinegotzia ) Arau Subsidiarioen inguruan esandakoari buruz ez arduratzeko esan behar diot Ibai Goñiri. Aurrekoetan esan bezala, egunotan jendearen aurrean ikusgai dagoen dokumentua abiapuntu bat besterik ez da eta aldaketak onartzen dituen testua, hain zuzen ere.
Idatzi honetan alderdi politikoek eta herritarrek nahiz hirigintzan adituak diren hainbat erakundek ere aldaketak egin ahal izango dituzte. Ez da egia, beraz, Ibai Goñik dioenaren arabera, Udalak behin betiko pausurik eman duenik.
Fitxa urbanistiko guztiak aldagarriak direla diogu berriz ere, beraz, etxebizitzen kopurua, ekipamenduak, errepideak nahiz industrialdeetako azalera aldagarriak dira.
Arau Subsidiarioak berriz idazteak alde oso on bat du. Izan ere, pertsona orok auzoetako nahiz herri osoko diseinu berrian parte har dezake. Aurreko legealdian inork ez zuen alegaziorik aurkezteko aukerarik, hirigintzako arduradunak eta promotoreak beraien artean konpontzen ziren eta.
Azkenik, Ibai Goñiri zera esan nahi diot: ideiak emateko edota aldaketak proposatzeko, ez da zertan alegazioak aurkezten jakin beharrik. Nahikoa da idatziz aurkeztea zer den aldatu nahi duena eta zein den arrazoia. Hala ere, edozein motako zalantzarik baduzu, udaletxean duda guztiak argituko dizkizugu.
Hala ere, zaila izango da zure oharrean diozunaren arabera, oso lanpeturik baitzabiltza. Hala eta guztiz ere, zure herriaren etorkizunari buruzko ekarpena positiboak egiteko tartetxo bat izango duzula ziur nago.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!