Hernani defenda dezagun.

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 27a, 13:38

( Ibai Goñi ) Lehenik eta behin atxikimendu osoa Josu Arrietak egunotan txoko honetan esandakoei, nahiz eta Arratibel jaunaren ustetan bi alditan gutxienez hanka sartu duen. Jakin ezazu dabilenak sartzen duela bakarrik, ibili gabe nekez sar daiteke eta.
Ostegunean irakurri genuen Arau subsidiarioen eztabaidaren inguruko egungo zinegotziaren azken erantzuna, Iñaki Arratibelena hain zuzen ere eta berriz ere harriturik utzi nau. Lehenik eta behin penagarria deritzot eskutitzaren erdia zure burua eta Udal gobernua zuritzeko erabiltzea. Ni aurrekoak baino hobeago naiz eta gu gara orain arte hobe egin dugunak bezalako lemek ikastoletako jolas orduetan tokia duten arren ez dut uste egoeraren pare daudenik. Bestalde, hondamendi iragarle eta espekulatzaileei ere iradokizun bat egiten diezu. Zein dira herri honetako benetako espekulatzaileak? Lotsa gutxi behar da hitz honekin Udaletik ostikoka bidalitakoak kalifikatzeko eta gaur egun etxebizitzaren inguruan aurrera doan negozioari erreferentzia txikirik ere ez egiteko.
Zuek planteaturiko eztabaidaren inguruan ere iritzi desberdinak ditugu. Pseudo-eztabaida honen oinarria Arau subsidiario berriak dira, hori argi dago. Hauek egiteko orduan, baina, ez dakit hanka sartu eta beste herri baten azterketa egin ote ez duzuen. Zerk justifikatzen du bestela 3.751 etxebizitza berri Hernanin? Non dago beharra? `Etorkizuneko Hernaniri buruz Udalak ez du behin betiko ezer erabaki,...` zioen Arratibelek. Gezur borobila. Osoko aldaketarik edota super-alegaziorik onartu ezean arau subsidiario hauek joko dute aurrera Udalak eta Diputazioak onartu ostean, eta 3.751 etxebizitza egiteari bidea zabalduko zaio. Hernaniko herriaren gehiengoa ordezkaririk gabe da-goen arren, Udalak baiezkoa emango die arau hauei inongo herri galdeketa ez eta prozesu partehartzailerik ireki gabe. Zer egin behar dugu teknikoak ez garen milaka eta milaka herritarrok? Zer egin behar dugu planoak ulertzen ez ditugun herritarrok? Zer egin behar dugu alegazioak egiten ez dakigunok? Eta jakin arren denborarik ez dugunok?...
Aski frogatua geratu da orduan Udalak apokaliptikoki edo ez apokaliptikoki behin betiko pausua eman duela herriaren gehiengoari bizkar emanik, gure etorkizuna baldintzatzeko, aurretik inolako azterketa tekniko, sozial edota politikorik egin gabe.
Nere uste apalean, penagarria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!