Josu Arrietak berriz sartu du hanka arau subsidiarioei buruz...

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 26a, 10:22

( Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotzia ) Josu Arrietak berriz sartu du hanka arau subsidiarioei buruz hitz egiterakoan. Publikoaren aurrean ikusgai dagoen dokumentua eztabaidatzeko abiapuntu bat besterik ez da. Udal korporazioak aho batez onartu bazuen ere, alderdi politiko guztiek alegazioak aurkeztuko dituzte. Beraz, idatzia alda daitekeela frogatzen du honek.Hernanin zenbat biztanle nahi ditugun edota industrialde berririk behar ote dugun erabakitzeke dago oraindik. Honi buruz, esate baterako, eta beste hainbat gairi buruz beren iritzia eman dezakete Josu Arrietak eta gainontzeko biztanleek. Baina honi buruz, udal alderdi politikoek eta gainontzeko erakundeek ere -Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, …- beren iritzia eman behar izango dute. Beraz, etorkizuneko Hernaniri buruz Udalak ez du behin betiko ezer erabaki.Hirigintzaren antolamenduaren inguruan aritzeko, dokumentu bat beharrezkoa da eztabaidatzen hasteko. Berau da, hain zuzen ere, denon eskura dagoena. Edonork proposamenik edo ñabardurarik egin dezake, baita idatzia goitik behera aldatu ere beharrezkoa izatekotan. Bien bitartean, denbora galtzen ari dira hondamendien iragarleak nahiz espekulatzaileak.Eztabaidatzeko aukera hori da, hain zuzen ere, aurreko legealdian lapurtu zigutena hirigintza egin nahi izan zutenek hitzarmenak lortuz eta eztabaida gune zabal bat proposatuz.Arrietak dioen ez bezala, eztabaida abian da jada eta inoiz udal korporazio batek ez du hainbeste baliabiderik ipini hernaniarrek beren iritzia eman dezaten, etxebizitzak eraikitzeko lurzoru gehiago jartzeko edo kentzeko edota ekipamenduak nahiz berdeguneak eskatzeko. Proposamen hauek onartzeko soilik muga bat ezarri dugu: eskaera denon onurako eta ez bakar baten onurako izatea.Ez genuke nahi Josu Arrietak hasi duen eztabaida hau komunikabideen bidez udalarekin izandako hika-mika bat besterik ez izatea. Arrietak bere proposamen zehatzak guri helaraztea nahi genuke, bere ekarpenak oso interesgarriak izango direla pentsatzen baitugu eta zenbait betegarriak izango direlakoan. Nik hala eskatuta, Arrieta jauna nirekin bildu da Arau Subsidiarioei buruz hitz egiteko eta jakin, badaki, bere esanetara gaudela. Bai berak eta baita , orain arte, beren proposamenak helarazi dizkigutenek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!