Zer Hernani nahi dugu?

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 24a, 13:41

( Mikel Arrieta ) Hernaniko arau subsidiarioak direla eta, hau da azken aste hauetan gure buzoietara iritsi den galdera. Eta iritzia eskatu didatenez ausartuko naiz oinarrizko hiru puntu planteatzen. 1) Lehenbizi Hernani demokratikoa nahi dugu. Komeni zaigu ez ahaztea egungo udala inposizioan, ezker abertzalean ilegalizazioan eta 3600 hernaniarren bazterketan oinarritzen dela. Zentzu honetan ondo dago gogoratzea datorren maiatzaren 25ean bi urte beteko direla udal antidemokratikoa osatu zenetik eta bitarte honetan egungo alkateak eta zinegotziak ez dutela inongo pausorik eman hernaniarren nahia eta borondatea betearazteko. Are gehiago, orain arau subsidiarioekin ikusten ari garen bezala, ezker abertzalearen kanporaketaz baliatzen ari dira bere interes pertsonalak eta partidistak bultzatzeko. Zer zilegitasuna dute horrela hartutako erabakiak? 2) Herritarren partehartzea nahi dugu. Bitxia da oso, agintari fraudulento hauek partehartzeari buruz duten ideia. Lehenik Hernaniko lehen indar politikoari, ezker abertzaleari, erabaki ahalmena ukatzen diote. Ondoren sei edo zazpi hilabetetan zehar zinegotziek (soilik zinegotziek) tekniko batzuk egindako dokumentu bat aztertzen dute eta azkenik (bazen garaia!) herritarrei hiru hilabeteko epea ematen zaie bere iritzia emateko. Detaile bezala, herritarrek horrelako gai potoloa aztertu eta eztabaidatzeko ez al dute bada merezi zinegotziek bezainbesteko denbora? Benetan, partehartzeari buruz ahoa bete eta gero gauzak horrela egitea tamalgarria iruditzen zait. 3) Garapen orekatuan eta hernaniarren beharretan oinarritutako Hernani nahi dugu. Hernaniren populazioa berean mantendu da azken 15 urteetan, nekez ulertzen da orduan bapatean 4000 etxebizitza berri egitea, ez badira behintzat lur jabe eta espekulatzaileen nahiak asetzeko. Iruditzen zait Hernani Donostiako auzo periferikoa bihurtu nahi dutela gure herri izaera desagertarazteko. Santa Barbaran, Altzuetan, Portu Karabelen, Las Villas eta Cuesta de la Muerte inguruan egin nahi dutena ikustea nahikoa da jende honi gure herriko ingurunea bost axola zaiela atzemateko. Ai Arratibel jaunak orain dela gutxi ikasi du apokaliptikoa hitza edozein kritika izendatzeko! Lasai egon dadila, asko gara eta saiatuko garenak gure herriaren etorkizuna ziurtatzen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!