( Niko Elizondo, zinegotzi ohia eta Zutik-eko kidea. ) 2005eko apirilaren 17an EAEn egindako hauteskundeetako emaitzek adierazi dute, gutxi gorabehera, azken 25 urteotan hiritarrek azaldutako jarrera: aniztasun sakona eta identitate nazionalen nahasketa (antzeko proportzioetan). Aparteko egoera bizi dute Nafarroan eta Iparraldean.
Egoera alda daiteke partidu esanguratsu batzuek euren jarrerak eta jarduerak aldatuz gero. Une honetan, erretorikaren esparruan, elkarrizketa eta bazterketarik gabeko negoziazioaz mintzo dira. Musikak doinu polita du, baina inork ez du esaten zertan oinarrituko diren eta zein eduki izango dituzten; hau da, politika baztertzaile eta arriskutsuak burutzen ari dira bat ez datozenak euskal gizartearen aniztasun soziopolitikoarekin, ez modernitatearekin ezta osatzen ari garen eszenategi europar horrekin ere.
Elkarbizitza sozial eta politikorako oinarri berriak finkatu behar ditugu, muga-eremu batean, hau da, behinik behin gure kolektiboaren eta beste pertsona askoren iritzia. Akordioek denon (inmigranteak barne) errealitateen eta aldarrikapenen funtsa jaso behar lukete: identitate eta sentimendu nazional desberdinak; hizkuntzari, kulturari eta sinboloei dagozkien errealitate ezberdinak; Nafarroa, Iparraldea eta estatu espainolarekiko harremanak; zapalkuntzak eta gehiengo-gutxiengo rodilloak alde batera utzita; non aniztasuna, kohesio soziala, denon askatasuna eta kalitatezko demokrazia garaile aterako diren.
Hauek seinale onak lirateke nazio arazoari aurre egiteko, berrikuntzak ekarriko dituzten parametroetatik eta horrela atera ahal izango genuke zoritxarreko atasko luze honetatik, gizarte justuago, irekiago eta solidarioago baten eraikuntzan indar gehiago jarri ahal izateko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!