( Estefanía Morcillo Cerdan
hautagai sozialista
Hernaniko alkatetzarako
(*Erredakzioan euskeratua) ) Erroitzenea jaunaren kezka ulertzen dut, benetan kezkagarria izan behar baitu, orain dela gutxi, ehun bat pertsona inguru bakarrik bildu izana Atez Atekoari beraien babesa ematera.
Kezkagarria benetan Gobernu Taldearentzat, satisfakziori buruz egin zituzten inkesten datuak hankaz gora jartzen baititu honek. Emaitzen arabera, +/- %4,4ko errore tartearekin, inkesta egin zaien guztien artean, %50,3k bakarrik egiten du orokorrean balorazio positiboa, eta %25ak baino gehiagok onartu du zaborra beste herri batzuetara eramaten duela edo eraman izan duela.
Sozialistok ez dugu gezurrik esaten, hondakin organikoak kalitate txarrekoak direla esaten dugunean, edo agian ez al da egia, Hondakinen Kontsortzioak urrian ohartarazi zuen bezala, Lapatxera bidalitako hondakin organikoa «ustelduta iristen zela eta ondorioz kudeaketa on bat egitea ezinezkoa zela»?
Dirudienez, errealitatearekin ez dator bat, Amarakoen atzetik, Groseko bizilagunak izango baitira apiriletik aurrera kontenedore marroiak izango dituztenak. Hernaniren biztanle kopuru bera edo gehiago dituzten auzoak dira, eta gainera bosgarren kontenedoreek oso ondo funtzionatzen dute bertan, Zarautzen antzera. Zarautzen 60 kontenedore marroi baino gehiago daude eta 4.758 familiak birziklatzen dute organikoa beren borondatez.
Bide batez esan, sozialistok oso argi daukagula zein den gure politika langilearen defentsarako eta enpleguaren sustapenerako, eta noski, ez da diru publikoarekin Sozietate Mugatuak sortzea, Atez Atekoaren kudeaketarako zehazki, ezta zorioneko gutxi batzuk postu diskretuetan kolokatzeko ere, azkeneko momentuan aukeratutakoak, batek daki zein tribunal edo teknikoren bitartez.
Argi dago Atez Atekoari uko egiten diogula argudio asko ditugulako medio, baina horien artean funtsezkoena zera da, pertsonen intimitatearen eskubidea gutxitzea, eta hondakinez desegin behar dugun bakoitzean, egin ahal ez izateak sortzen duen deserosotasuna.
Seguru nago kontenedoreen sistemarekin, birziklatzen duten hernaniarrak birziklatzen jarraituko dutela eta gainera, Atez Atekora egokitu ez direnek ere birziklatu egingo dutela. Gure bizilagunek instituzioei eskertu egingo diete eguneroko bizitza egiteko gauzak erraztea, eta geroz eta herritar gehiagok parte hartuko dute askatasun eta arduraren bidetik.
Beraz, ez ezazu inongo dudarik izan, Alderdi Sozialistaren eta hautagai honen esku baldin badago, Atez Atekoari egun gutxi geratzen zaizkio. Erabakia, edonola ere, Hernaniko biztanleek hartuko dute datorren maiatzaren 22an.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!