( Juanra Jódar Arruitz ) 11-02-26, larunbata. Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak adierazpen batzuk egin ditu Diario Vascon eta argitu egin nahiko nituzke.
«Foru arauak agintzen du, hondakinen %57-60 berreskuratu behar dela 2016rako». 2016an %40ko errefusa lortzeko, beharrezkoa al da 263 milioi euro gastatzea (43.759 milioi pezeta) errausgailu batean? Edo kontua da, bilketa eta trataera sistemak modu eskasean gestionatzeagatik, beste sistema askoz agresiboagoak (errausketa) erabili behar dituztela ezkutatzeko, beraien borondate falta, inkonpetentzia eta... interesak?
«Egungo birziklatze maila haundia da». %20 birziklatzea asko iruditzen zaizu? Orduan, zergatik demonizatzen duzu Atez Atekoa, bere bidez %80raino birziklatzea lortzen bada? Agian, asko iruditzen zaizunez, gutxiago birziklatu nahi duzu? Hainbeste gastatu ondoren, errausgailua errentagarri egin behar da, eta ez badago zerekin ´elikatu`, asko birziklatzen delako, gutxitu egin beharko da edo... beste nonbaitetik ekarri beharko dira hondakinak?
«Alemaniako Alderdi Berdeko aholkulariak esan zuen errausketa onargarria dela birziklatu ezin diren hondakinentzat». Jakina da, ez dena berrerabiltzen edo birziklatzen, bota egin behar da edo erraustu. Baina EZIN DENA BIRZIKLATU, eta ez, EZ DENA BIRZIKLATU NAHI. Atez Atekoarekin, gaur egun, %20 ez da birziklatzen. Bosgarren kontenedoreko sistemarekin %45 ez da birziklatzen, kasurik onenetan. Diferentziak argi uzten du aholkulariak esan nahi zuena eta zer zen C. Ormazabalek ulertu nahi duena.
«Atez Atekoa errausketaren alternatiba gisa saldu da, eta bilketa sistema bat da, ez trataera sistema bat». Atez Atekoa da, batez ere, sistema bat erakusten duena aurkako alderdiak egonda ere, posible dela %20ra murriztea birziklatu ezin dena. Denok babestuko bagenu sistema, bere emaitza onak kontuan izanda, noraino iritsiko ginake? Zero zaborrera?
«Atez Atekoa pertsonak behartzean oinarritzen da, pertsonenganganako deskonfiantzan». Jarri al zara pentsatzen zer gertatuko litzatekeen errepideetan, zirkulazioa antolatzeko araurik ez balego? Arauak, hain zuzen, garestiak iruditzen zaizkigunak zenbaitetan (abiadura mugak, stopak, alkoholaren tasa, mugikorraren erabilera...), baina horiek gabe kaosa izango zen, ziur. Koherentea izateko honakoa proposatu behar zenuke: esaterako, Errenta Aitorpena konpromisoa hartzen duenak bakarrik egin dezala. Aizu, eta zergatik egiten duzue hainbesteko esfortzua eta hainbeste diru gastatzen duzue hauteskuden kanpainetan? Ez al zarete fio zuen botoemaileez? Zein itsusia, ezta?
Ormazabal jauna, zuk lau haizetara badiozu Gipuzkoak hondakinen arazoa konpondu duela 20 urtetarako, konturatzen al zara zein den herritarrei zabaltzen ari zaren mezua? Ni konbentzitua nengoen oraintxe zela momentua arazoari adarretatik heltzeko, eta ez lasaitzeko esanez dena konpondua dagoela.
Errausgailuarekin edo gabe, konpromisoak jarraitu egin behar du: GUTXITU, BERRERABILI, BIRZIKLATU. Edo zu ez al zatoz bat? Eta kontrakoa frogatu bitartean, bide horretan sistemarik eraginkorrena Atez Atekoa da. Emaitzetan oinarritzen naiz.
Juanra Jódar Arruitz
(*Erredakzioan euskeratua)