«O gripeari aurre egin nahi diona etorri dadila martxoaren 6ko asanbladara»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 28a, 01:00

Datorren ostegunean egin­go da asanblada, arra­tsaldeko 19:30etan Gaztetxe­an. Olinpiadetako bi monigoteak izan dira O gripearen epidemia herri osoan zabaldu dutenak, eta Kronikari esklusiban emandako elkarrizketan azaldu dute lasai egoteko. «Ez da kaltegarria, eta gainera, nola aurre egin azalduko dugu martxoaren 6ko asanbladan».

1988an kutsatu zineten O gripearekin, baina badirudi azken urte hauetan indartu egin dela...
Bai, eta dezente, gainera! 1988an kutsatu ginen gu biok, eta 1998an agertu zen berriro ere birusa. Baina 2010etik aurrera gero eta gehiagotan agertzen da, eta mutatuta! Ondorioz, errazago ari da zabaltzen. 2012an azaldu zen azkenekoz, eta badirudi aurten ere iritsi dela herrira. Pentsa! Anbulato­rioan medikuak harrituta gelditu dira sortu diren kolekin, herritarrak ere erdi erotuta dabiltza Hernaniko kaleetan gora eta behera kirola eginez, eta udaletxera ere iritsi da epidemia!

Eta zer egin dezakegu O gripearekin ez kutsatzeko? Eta kutsatuta daudenek, sendatzeko?
Ez dugu nahi jendea gehiegi larritzerik baina... Ez dago sendabiderik! Eta ia ezinezkoa da ez kutsatzea! Gu ari gara jendea kutsatzeko lanetan, eta nahita! Hala ere, badago modu bat O gripearekin bizitzen ikasteko, eta kal­terik ez nabaritzeko. Bai­na hori ez dugu orain esango. Horretarako, mar­txoaren 6an 19:30etan Gaz­tetxean egingo den asanbladara etorri beharko du jendeak!

Jendea nahita kutsatzen duzuela esanda, ez al zaizue iruditzen hernaniarrak haserretu egingo direla?
Bai zera! Argi utzi nahi dugu O gripearen eragina ez dela kaltegarria. Egia da komeni dela beroketak egitea, gero lesiorik ez izateko. Baina gainontzean, onurak ekarriko dizkigun epidemia da! Aisi­arako eredu alternatiboa sortzen laguntzen du, Her­naniko koadrilak elkar ezagutzeko balio du, herria girotzeko ere bai...

Zenbat jende kutsatu dela uste duzue?
Hori oraindik ez dakigu. 2012an 300dik gora izan ziren O gripearekin kutsatutako hernaniarrak, eta aurten, auskalo! Nabaritu duguna da gero eta gazteagoak direnak ere kutsatzen direla. Eta hori oso ona da! Horrela, lokaletan, nor bere koadrilarekin ibiltzen ohitu diren gazteak ere herrira aterako dira, eta gainontzeko gazteak ezagutuko dituzte! 

Badirudi ez dela kezkatzekoa. Baina badaezpada, zein izan daiteke O gripearen aurkako antidotoa?
Ez genuela orain kontatuko esan dugu lehen, baina beno. Onena da apirilaren 26tik ekainaren erdialdera bitartean Hernanin egingo diren Olinpiadetan parte hartzea! Baina, esan bezala, martxoaren 6ko asanbladan emango ditugu argibide guztiak. Or­durako, hori bai, beroketak egiten hastea komeni da! Ez dadila inor Olinpiaden au­rretik lesionatu! Eta gero ere ez, ahal bada! Asan­bladan Olinpiadetako egutegi osoa banatuko dugu, eta dei egiten diegu talde guztiei bertara azaltzeko. Horrela, lanean hasteko moduan izango ga­ra, guk ere lagun­tza behar baitugu probak antolatzeko!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!