Gaurko Plenoak 19 puntu izango ditu. Horietako bat, Idurre Conde zinegotziaren dimisioa. Ondorioz, gaur bertan aldatuko dira, baita ere, batzorde informatzaileetarako Bilduren ordezkariak. Bestalde, gaurkoan aztertuko diren beste gai batzuk izango dira, 2014ko dirulaguntzen plan estrategikoa, eta zerbitzu publiko batzuetako prezio publikoak aldatzeko proposamena 2014/2015 ikasturterako. Plenoa 19:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.
Kontratazio irregularren ondorioz, dimisioa
Lehengo ostiralean Gobernu Taldeak emandako prentsa oharrean argitu zuten Idurre Conde zinegotziak dimisioa aurkeztuko zuela.
Dimisio horren arrazoia da Udal kontratazioen inguruan «modu inkonszientean» egindako irregulartasuna. Izan ere, Udalak Uralde iturgintza enpresa du kontratatua; Idurre Conde zinegotziaren senarra da bertako jabea eta, ondorioz, Udalak debekatuta dauka kontratazio hori egitea.
Bai Gobernu Taldeak, prentsa ohar bidez, eta baita hainbat herritarrek ere argi utzi nahi izan zuten beren babes osoa ematen diotela Idurre Conderi: «gobernu talde honek, gertaera hauen aurrean gure ardura hartzen dugu, orain arte ez diogu dagokigun ardurari inongo kasuetan uko egin eta hemendik aurrera berdin jarraitzeko asmoa dugu; baina argi eta garbi utzi nahi dugu ardura hau talde osoarena dela, eta hartutako erabaki guztiak lan talde osoaren babesarekin hartu ditugula».
Honen ondorioz, gaurko Plenoan aldatu egingo dira Bilduk Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuko zuzendaritza batzordean duen ordezkaria, eta batzorde informatzaileetarako Bilduren ordezkaritza.
Dirulaguntzak, zerbitzu publikoetako prezioak eta hainbat mozio ere aztergai
Gaurko Plenoan beste hainbat gairi buruz ere ariko dira.
Batetik, 2013ko udal aurrekontuei buruzko informazio txostenaren berri emango da, eta bestetik, 2014ko dirulaguntzen plan estrategikoa aurkeztuko da.
Ondorengo zerbitzu publikoetako Prezio Publikoen Ordenantza Fiskala aldatzeko proposamena ere egingo da 2014/2015 ikasturtera begira: ‘Hernani’ Musika Eskola, Kantuz Musika Eskola, Kultura arloko ikastaroak, Udal Euskaltegia, Kiroldegiko Zerbitzuak, Haur Eskolako jangela eta Jabekuntza Eskola.
Azkenik, martxoaren 8ko adierazpena, Amher-SOS elkartearekiko hitzarmena eta Saharari buruzko mozioaz ere ariko dira.