Astearteko Plenoak 19 puntu izan zituen, eta herritar asko gerturatu zen bertara, bereziki zinegotzi aldaketa zela-eta. Egin behar diren tramiteak bukatuta, Begoña Zuzak hartuko du Idurre Conderen lekua Udal Gobernu Taldean. Landutako beste gaiak izan ziren, zerbitzu publiko batzuetako tasak aldatzea, Amher-SOS arrazakeria elkartearekin hitzarmena berritzea, martxoaren 8ko adierazpena edota Mendebaldeko Saharako lurraldearen okupazioari buruzko mozioa, gaur 38 urte betetzen baitira Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela.
Tasa berriak kiroldegian, Musika Eskolan...
2014/2015 ikasturterako hainbat zerbitzu publikotako tasen ordenantza fiskala aldatzeko proposamenak onartu ziren astearteko Plenoan. Hori horrela, Hernani Musika Eskolako eta Kantuz Musika Eskolako prezioak %5 igotzea erabaki zen Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren kontrakoekin eta EAJ eta H1!en abstentzioarekin.
Prezioak mantentzea erabaki zen kultur arloko ikastaroetan, Udal Euskaltegian, Haur Eskolako jangelan eta Jabetze Eskoletan. Horren alde bozkatu zuten denek, eta H1! abstenitu egin zen.
Kiroldegiko zerbitzuengatik prezio batzuk mantendu egingo dira, beste batzuk jaitsi eta beste batzuk igo.
Martxoaren 8ko eta herri sahararraren aldeko mozioak
Aho batez onartu zen herri sahararraren aldeko mozioa, Euskadi-Saharako koordinazio taldeko kideek irakurria. Baita Emakumearen Eguneko mozioa ere.
Kargu aldaketa
Bukaeran, Idurre Conde Bilduko zinegotziaren dimisio ofiziala aurkeztu zen, Luis Intxauspe alkatearen hitzetan, «komunikabideetan sortu dugun liskar antzu hau bukatzeko».
Condek «herritarren babesa» eskertu zuen, eta oposizioa egin zuen errudun, «neri eta familiari egindako minarena. Oso bortitza izan da».
PSE-EEk aipatu zuen «ez dela pertsonala izan». EAJko Andoni Amonarraizek ere horixe esan zuen, eta «legegintzaldiaren aurretik aipatu nuen kontua, hau ez zedin gertatu». H1!-ek «ardura politikoak» eskatzen jarraitu zuen. Bilduk, azkenik, eskertu egin zuen Idurre Conderen lana.