Esku artean duzuen orri hau Astigarragako Kronika da. Martxotik aurrera, asteazkenero argitaratuko da, paperean. Gaurkoa bezalakoa izango da, hau da, A3ko orri bat, bi aldetatik. Gainerako egunkariak banatzen diren puntuetan egongo da eta debalde izango da. Astigarragako berri emango du, euskera hutsean.
Larunbatetan, berriz, Urumeako Kronika izango duzue. Astigarragak bere tartea izango du beti, Urumeako goiko bailarako herriekin batera: Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetarekin. Kasu horretan, 16 orrialde izango ditu. Horrez gain, egunero izango da aukera Astigarraga eta inguruko herrietan gertatzen denaren berri izateko interneten (www.kronika.net).
Proiektu hau sortu da Hernaniko Kronikak 2000 urtean hasitako ibilbidetik. Urte guzti hauetan, herritarren eta taldeen laguntza ezinbestekoa izan da. Eta hala izaten jarraitu dezala!
Arantxa Ibarburu
«Herriko informazioa eman dezala. Jendearengana hurbildu dadila eta herritarrek parte hartzeko aukera izan dezatela. Fundamentuzkoa, inpartziala eta euskera bultzatuko duena. Esandako guztia azalduko dena».
Pepo Altuna
«Hernanikoa ezagutzen dut eta gustatzen zait. Antzekoa izan dadila. Argazki asko atera daitezela».
Isabel Mendioroz
«Kontatu ditzala bertako gauzak, etxekoak. Herrian gauza asko daude, baina jendea ez da enteratzen. Dendarioi ere aukera emango digu etxe guztietara iristeko».
Aitor Jaurrieta
«Herriko mobida guztiak azaldu beharko lituzke eta gure gauzen berri eman».
Iker Jauregi
«Bi ezaugarri garrantzitsu izango ditu: bertatik bertara egina izango da eta euskeraz argitaratuko da».
Maialen Aizpiolea
«Herri gunetik aparte bizi garenontzat ondo etorriko da eguneroko saltsaren berri izateko. Eta baita kanpotik etorriak garenontzako ere, herria hobeto ezagutzeko».
Luis Telleria
«Bere bidez, informazioa pertsonen bihotzetara gehiago iritsiko da. Horretarako, gai guztiek izan beharko dute lekua: kulturak, erlijioak, politikak, lan munduak…»
Begoña Arbelaitz
«Hernanikoa hartzen dugu eta informazio konpletoa dakar. Astigarragakoak ere gai guztiak bildu ditzala».
Emilio Adan
«Informazio zuzena zabaltzeko balio dezala. Herritarrak jakin dezala zer pasatzen ari den herrian eta horrela aukera izan dezala zerbaiten alde egin edo zerbaiten inguruan eztabaidatzeko. Kalean hitz egiten dena, fundamentuz hitz egin dadila; egia beti aurretik».
Irati Zabala
«Hernanikoa ia egunero irakurtzen dut eta halako zerbait izatea nahiko nuke. Informazioa hurbilekoa da eta euskera errazean egina».
Joxe Mari Zubiarrain
«Herriko taldeontzat arazo haundia da jendearengana iristea eta oso garrantzitsua izango da horretarako».
Maider Juanes
«Bere funtzioa izan behar du herrian gertatu diren eta antolatu diren gauzak zabal-tzea».
Asier Zabaleta ‘Txini’
«Hernanikoa egunero jarraitzen dut interneten. Herri mailan horrelako zerbait behar da, elkarte desberdinen arteko lotura gehiago sortzeko. Askotan besteen berri ez dakigu. Aparte, herriko berri izateko ere. Hutsune bat beteko du».