Proiektu berriaren inguruko xehetasun guztiak argitara emango dira gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2014ko otsailaren 25a

Larunbatetik aurrera Urumeako Kronika eta webgune berria martxan izango dira. Gaur aurkeztuko da proiektua, 20:00etan Biterin. Gainontzeko herrietan ere egingo dira aurkezpenak, aurrerago.

Gaur iluntzeko 20:00etan aurkeztuko da, Hernaniko Biteri Kultur etxean, Dobera-Kronikaren proiektu berria: Urumeako Kronika. Proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azalduko dira, eta larunbatetik aurrerako Hernaniko Kronika, As­ti­garragako Kronika eta Uru­meako Kronikaren fun­tzio­namenduaren berri eman­go da. Herritar guztiak daude aurkezpenera gonbidatuta.

Bost herrietako jendea, aurkezpen berezian
Gaurko ekitaldian Uru­me­ako Kronika proiektuaren berri emango da. Eta Kro­nika herritar guztien partehartzearekin egiten denez, proiektuak har­tzen dituen bost herrietako jendeak ere hartuko du parte gaurko aurkezpenean. Izan ere, Kronikarekin nolabaiteko lotura duten edo izango duten hango eta hemengo herritarrekin bideo berezi bat prestatu da. Horrexegatik, baita ere, dei egiten zaie Hernani, Ereñotzu, Astigarraga, Arano eta Goizuetako herritarrei, gaurko aurkezpenera etortzeko eta ondorengo ar­gazkian parte hartzeko.

Erakundeetako ordezkariak
Herritarrez gain, erakunde publikoetako ordezkariak ere gonbidatuta daude gaurko ekitaldira. Horien artean izango dira bost herrietako alkateak: Luis Intxauspe (Her­nani), Andoni Gartzia (Astigarraga), Imanol Lize­aga (Ereñotzu), Ainhoa Ansa (Arano) eta Pablo Miranda (Goizueta). Bestalde, hemen izango di­ra, baita ere, Tokikomeko zu­zendari Inazio Arregi eta Toki­kom­eko lehendakaria eta le­hen­dakari ohia: Urko Aristi, eta Mikel Irizar, hurrenez hurren. Azkenik, aurkezpenean izango dira, baita ere, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlari­tza­ko Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue Eus­ko Jaurlaritzako Euskara Sus­tatzeko zuzendaria, eta Zigor Etxeburua Gipuzko­ako Foru Aldundiko Euska­rako zuzendari nagusia.

Tokian tokiko aurkezpenak, aurrerago
Proiektua gaur aurkeztuko da Hernanin, eta herritar guztiak daude gonbidatuta gaurko ekitaldira; hernaniarrak, ereñotzuarrak, aranoarrak, astigarragatarrak eta goizuetarrak. Hala ere, aurrerago proiektua beste herrietan aurkezteko asmoa dago. Datak zehaztu ahala argitaratuko dira Kronikan.

3 Kronika paperean; denak bateratuta webgunean
Proiektu berri honi esker, Kronika 5 herritara iritsiko da aurrerantzean: Hernani, Ereñotzu, Astigarraga, Arano eta Goizuetara. Asteazkenero, bihartik ha­si­ta, Astigarragako Kro­ni­ka argitaratuko da. Larunba­tetan, berriz, Urumeako Kro­nika izango da bost herrietan. Gainontzeko egunetan, Hernaniko Kronika argitaratzen jarraituko da. Webgunean eta sare sozialetan, ordea, 5 herriei dagozkien berriak argitaratuko dira etengabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!